Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 50 urteren ostean, 200 dantzari agertokian

Dokumentuaren akzioak

50 urteren ostean, 200 dantzari agertokian

Exiliotik bueltan 1965. urtean Elai-Alai taldea berriro sortu zutenetik mende erdi joan da, eta 50 urteren ostean dantzan jarraitzen dutela erakutsi dute Gernika-Lumoko dantzariek

Egilea
Oihana Cabello
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2015/11/24
Lotura
Busturialdeko Hitza

Mende erdik ospakizunetarako aitziakia ematen du, eta 50. urteurrena goi-goitik gogoratu dute Gernika-Lumoko Elai-Alai dantzari taldeko kideek. Kideek, eta kide izandakoek. Izan ere, gaur egungo dantzari taldeek ez ezik, 50 urte horietan Elai-Alaiko kide izan diren hainbat lagunek ere bat egin zuten ospakizunarekin. 1965. urtean taldea birsortu zuteneko dantzari taldeak zein ostean sortu zirenak berriro batu ziren zapatuko ekitaldirako. Hainbat belaunaldi Jai Alai frontoiaren kantxan inprobisatutako agertokian.
Berrehun dantzari inguruk parte hartu zuten saioan. Une, gazte zein nagusi, Euskal Herriko dantzak eraman zituzten agertokira. Ordubete luzeko ekitaldian, joandako bost hamarkadak gogora ekartzeko tartea ere izan zuten, frontoian bertan proiektatutako argazki eta bideoen bitartez.


Elai-Alai eguna
Gernika-Lumoko Elai-Alai dantzari taldeko arduradunak pozik dira emaitzarekin, eta ekitaldiaren balorazio oso positiboa egin dute. Urte osoko lanak eta entseguek beren fruitua eman dute, eta hainbat urtez batu gabe izan diren hainbat talde elkartzeko balio izan du urteurrenak.
Harnailetan ehunka lagun, Busturialdeko beste dantza taldeetako ordezkariak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidentea tarteko.
Ospakizunek, gainera, jarraipena izango dute asteburu honetan. Izan ere, Elai-Alai eguna ospatuko dute zapatuan –azaroaren 28an–, eta jende gehiago espero dute aurten urteko bazkarian.
Astran batuko dira aurten, eta txartelak eguenerarte izango dituzte salgai Auzokoa eta Lagun-Etxea tabernatan, 27 eurotan.
12:00etan batuko dira, Pasealekuan, eta 12:30ean agurra dantzatuko dute Elai-Alai plazan. 13:00etan, aurresku mistoa egingo dute Merkurio aurrean.

Elai-Alai

Elai-Alai

Dokumentuaren akzioak