Dokumentuaren akzioak
50 urteotako familia zabalarekin ospatu nahi du Kemen dantza taldeak Euskal Herri Inauteria
[Podcast]
Kemen dantza taldeak ohitura duen legez, Euskal Herri Ihauteria ospatuko du Irunen inaute aurre egunean. Iaz pandemia ondoko lehen inauterietan Luzaideko bolantak ekarri zituzten kaleetara. Eta aurten Lapurdiko herri desberdinetako inauterietako dantza eta jantzi koloretsuak prestatu dituzte. Kemen eta bere harrobiko Adaxka taldeko dantzariekin 100 bat lagun bilduko dira kalejiran, otsailaren 18an 12:00etan Pio XII.aren plazatik abiatuta. Zabaltza plazan eta San Juan plazan egin ohi dituzte geldialdi eta dantza emanaldia. Baina Peio Hirigoienek, Kemen dantza taldeko kideak aipatu digunez, aurretik 11:00etan Ama Xantalengo erresidentzian hasiko dira bertakoei goiza alaitzeko helburuarekin.
Kemen dantza taldeak aurten 50 urtemuga ospatzen duela probestu nahi izan dute, taldekide ohi guztiei Euskal Herri Inauterian parte hartzeko deia luzatuz. Eta otsailaren 11n entsegu bat egingo dute ere, nahi duen orori zuzenduta.
Gainerako euskal inauteri ohiturak
Baina larunbata inaute egunaren ondotik, usadio zaharra du Olaberria auzoko baserrietan Kemen dantza taldeak puska biltzean ibiltzeko. Aurten ere hala egingo dute, eta normalean haien esperoan egon ohi direla dio Hirigoienek. Bestalde, aurten Irungo Atsegiñak larunbata otsailak 11an antolatzen duen Kaldereroen desfilean parte hartzera gonbidatu dituzte. Kasu honetan amaieran San Juan plazan egin ohi den ezkontzaren errepresentazioan kauteren lanetan ariko dira.
Dokumentuaren akzioak