Egilea
Tttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Senpere
Mota
Albistea
Data
2024/04/12
Lotura
Erran
'Dantz'Hari' ikusgarria emanen du Larrekon apirilaren 26an eta 27an, baina igande honetan eginen ditu entsegu irekiak
Senpereko Zirikolatz euskal dantza elkartea herriko biziaren zutabe nagusienetarik bat da. 45 urte betetzen dituela eta, gaur egungo eta lehenagoko dantzariak eta zonbait musikari Dantz’Hari ikusgarria prestatzen ari dira buru belarri. Covid aitzineko proiektua geldirik egon ondoan, orain bi emanaldi plazaratuko dituzte: apirilaren 26an, ostiralarekin, 20:30ean, eta apirilaren 27an, larunbatarekin, 18:30ean. Jarraian afaria. 8 eta 74 urteko ehun bat dantzarik parte hartuko dute ikuskizunean. Ikuskizunaren entseguak igande honetan, apirilak 14, 09:30ean eta 12:30ean eginen dituzte Larrekon.
Dantz’hari hitz jokoa da: alde batetik, dantzan ari eta, bertzetik, belaunaldien artean sortzen duen haria ere aipatzen ditu.
Zirikolatz liburua
Henri Duhau herriko idazleak liburu eder bat plazaratu berri du, bere kontura argitaratua. Hemen kondatzen dauzkigu garai bateko batasunaren sortzea, garatzea eta independente bilakatzea. Lehen batean Spuc Kirolari lotua (1972-1979), ondotik bereber ibiliko dena 1980tik aitzina, kirola eta euskal kulturaren uztartzeak nekeziak ezagutu baitzituen. Senpertarrendako egiazko altxorra da, argazki anitzek eta prentsako artikuluek ilustratzen dutelako. Anitzek beraien burua edo ezagunak aurkituko dituzte, hamarkada batzuen ondotik. Salgai da Lecuona liburutegian 20 eurotan.