Dokumentuaren akzioak
45 ikuskizun Leioako Umore Azokan
Maiatzaren 15etik 18ra bitartean izango da azoka, eta jada ireki dute izena emateko epea.
Leioako Udalak antolatzen duen azoka lau egunetan egingo da. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurreko urteetan bezala, interes handia piztu du “kaleko arteen erreferente bilakatu den topaguneak”, eta 300dik gora proposamen artistiko jaso dituzte.
Jatorri geografiko ezberdinak uztartuko ditu aurtengo Umore Azokak: Euskal Herriko hamalau konpainiak hamabost ikuskizun eskainiko dituzte, horietatik zortzi estreinaldiak direlarik; Nazioarteko 29 taldek 23 ikuskizun aurkeztuko dituzte, tartean zortzi estreinaldi.
Antolatzaileek azpimarratu dute arte eszenikoen arloan ari diren profesionalentzat “ezinbesteko” hitzordua bihurtu dela, “sormena aireratu eta arnasa hartzeko topaleku” baita. Gainera, azokak datozen hilabete eta urteetan “gure herriko kale eta plazetan ikusiko diren ikuskizunak” aztertzen dituela adierazi dute.
Azokan parte hartu nahi duten profesionalek internet bidez eman behar dute izena maiatzaren 2a baino lehen. Adituek azaldu dute profesionalen presentziak “berebiziko garrantzia” duela kaleko arteen sektorearen ekonomia bultzatzeko. Antolatzaileek iaz gerturatu zen profesional kopurua gehitzea espero dute; guztira 162 lagun bildu ziren.
Dokumentuaren akzioak