Dokumentuaren akzioak
42. Dantzari Txiki Eguna ospatu dute Urretxun Lurra taldearen eskutik
42.Dantzari Txiki Eguna eguzki izpien berotasunpean igaro dute urretxuarrek, Lurra taldeak antolatuta. Herriko kaleak dantzaz eta musikaz blai jarri dituzte, txistu- zein trikiti-hotsez lagunduta. Zazpi taldek hartu dute parte, bakoitza txoko desberdin batetik etorria. Lurra taldeak, anfitrioi izanik, bizilagun dituen Zumarragako Irrintzi eta Legazpiko Korosti taldeei luzatu die gonbidapena. Eskualdean bertan duten Aurtzaka talde beasaindarra ere bertan izan da. Horrez gain, Bizkaia eta Nafarroa aldetik ere etorri dira Dantzari Txiki Egun honetara, Galdakaoko Andra Mari taldea eta Altsasuko Etorkizuna, hurrenez hurren. Hau gutxi balitz, Logroñotik ere ekarri dituzte dantza-doinu eta jantzi berriak, kaskaineten erritmora, Danzas de Logroño taldearekin.
12:00etan abiatu dira dantzariak Pagoetatik desfilean, Gernikako Arbola Enparantzaraino. Jarraian, 13:00 aldera dantza bateratuak egin dituzte plazan eta honekin eman diote amaiera goizeko saioari. Arratsaldean, berriz, 17:30etan eman diote hasiera dantza emanaldiari, Gernikako Arbola Enparantzan bertan, goizeko saioa amaitu duten toki berean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Dokumentuaren akzioak