Dokumentuaren akzioak
42.000 ikusle izan ditu, orain arte, 'Dantza' filmak zinema aretoetan
DVD euskarrian eta plataforma digitaletan ere ikus daiteke dagoeneko. Gasteizko Florida zinemetan 11 astean jarraian egon da programatuta
Hain zuzen, DVD euskarrian ere jarri dute salgai dagoeneko, eta Filmin, Rakuten, Vodafone eta Movistar plataformen bidez ere ikus daiteke jada. Bitxikeria moduan, Renferen ibilbide luzeko trenetan ere emango dute apirilean eta maiatzean. Formatu berria aurkezteko egindako agerraldia baliatu dute filmaren egileek orain arteko balantzea egiteko, Donostiako Zinemaldian egindako aurrestreinalditik hasita. «Emanaldi guztiak bete ziren, eta sentsazio oso ona eragin zigun, bai publikoaren eta bai kritikaren aldetik. Greenpeaceren Lurra saria jaso genuen, eta horrek guztiak estreinaldi komertziala prestatzeko bultzada eman zigun».
Aretoetan izandako kopuruen balorazio oso positiboa egin dute, baina harago ere joan da Esnal. «Beti esaten dut hau ez dela pelikula bat soilik, eta publikoak ere horrela hartu duela sentitu dut». Leku guztietan harrera oso ona izan duela kontatu du, eta zorionak ematetik eskerrak ematera pasatu zaiola jendea, eta horrek bereziki bete duela, bai eta filmaren bueltan herritarrekin izandako solasaldiek ere.
Filmaren bakantasuna nabarmendu du, berriz, Juan Antonio Urbeltz koreografoak: «Filmean istoriorik ez dagoenean, dokumentura pasatzen da; eta, kasu honetan, alderantziz izan da; dokumentutik pasatu dira istoriora, eta hori ezohikoa da Mendebaldeko Europan, ez dago hau bezalako pelikularik». Ausardia eskertu die Esnali eta Koldobika Jauregi produkzio diseinatzaileari. «Bestela, ezingo genuke aurrera egin».
Kanpora zabaltzeko ahaleginetan ari dira orain Dantza-ren egileak, eta, besteak beste, AEBetan ere bira bat egitekoak dira hango euskal etxeen bidez.
Dokumentuaren akzioak