Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 40 urtez dantza eskaintzen

Dokumentuaren akzioak

40 urtez dantza eskaintzen

1976. urtean sortu zen Sahatsa taldea Urrestillan, eta dantzan jarraitzen dute, Azpeitia, Azkoitia eta Urrestillako kideekin. Azpeitia Dantzan zikloaren barruan, lehen ikuskizuna izango da beraiena.

Egilea
Eneritz Albizu Lizaso
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Erreportajea
Data
2016/06/30
Lotura
Urola Kostako Hitza

Udaberrian jaio zen, urteko lehen loreak bezala; horregatik jarri zioten Sahatsa izena. Sahatsa da eguzkia jotzen hasten denean, lehena loratzen den zuhaixka. 1976an sortuta, 40 urte daramatzate dantzan taldeko kideak. Urrestillako gazteek sortutako taldea dela azaldu du Juan Luis Lizabe zuzendariak: «Larunbat arratsaldez zerbait egiteko helburuarekin hasi ziren, eta Pasai San Pedro (Gipuzkoa) eta Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) dantzari batzuk hasi ziren hara joaten, dantzan irakastera». Lizaberen arabera, artean ez zen dantza taldea, ikasle taldea baizik.

Ondoren hasi ziren Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleak, eta bi edo hiru urtez jarraitu zuten horrela. «Behin denbora bat pasatuta, irakasleek etortzeari utzi zioten, eta gure erara hasi ginen dantzan», esan du zuzendariak.

Urrestillako plazan egin ohi zuten dantza, eta eliza azpian, eguraldi txarra egiten zuenetan. Lekua oso erosoa ez zela-eta, Azpeitiko Azoka plazara mugitu ziren, eta han egin zituzten dozena bat urte, Azkoitiko Baztartxo antzokia berritu artean. Gaur egun, Baztartxon dute lokala, eta han jarraitzen dute.

Izaerari heldu diote

Frankismoaren ondoren sortutako talde gehienek «bizitza ziklikoak» izan dituztela esan du Lizabek: «Oraintxe osasuntsu, oraintxe jende gabe…». Dena den, Sahatsak ez du «aparteko arazorik» izan izaerari heltzeko, eta talde osaketa «nahiko ondo» mantendu dutela nabarmendu du. Gaur egun, 35 dantzari eta 15 musikarik osatzen dute Sahatsa.

Dantza talde askotan bezala, emakumeak gehiago dira gizonak baino Sahatsan ere, baina ez da «aparte arazoa» izan hori taldean, «osatzeko moduan» izan direlako beti.

Ezpatari omenaldia

Gipuzkoako ezpata dantza tradizionala dantzatuko dute larunbatean, herriko kaleetan. Duela bi urte berreskuratu zuten Sahatsako kideek, eta aurten Baionan dantzatu dute. «Aurten ondo prestatu dugunez, pentsatu dugu gure herrietako kaleetan dantzatuko dugula: sanjoanetan egin dugu Urrestillan eta Azkoitian, eta orain Azpeitian tokatu zaigu», esan du zuzendariak.

1610ean dantzatu zuten Donostian Gipuzkoako ezpata dantza tradizionala, 100 ezpatadun inguruk. Dantzaren berezitasuna da lau ilaratan egiten dela; izan ere, oro har, bi errenkadatan egiten da dantza hori. Dena dela, azken urteetan hasi dira dantza zaharra berreskuratzen, Lizaberen arabera, ikusi dutelako «euskaldunen folklorearen altxor bat» dela.

Larunbatean, 19:30etik aurrer, izango da aukera Azpeitiko kaleetan dantza hori ikusteko: Sindikatu Zaharretik irtengo dira, plazara joango dira ondoren; eta, han, herriko bandera hartuko dute. Behin bandera hartuta, plaza txikian egingo dute ezpata dantza lehen aldiz, banderaren dantzarekin. Ondoren, gauza bera egingo dute parrokiaren atarian, eta handik, Eguzkitza parera itzuliko dira berriro. Azken geldialdia plazan egingo dute. Ezpada dantza eta Gipuzkoako dantza tradizionalen 20 minutuko emanaldia egingo dute, eta bukatzeko, bandera entregatuko dute. Hala azaldu du Lizabek: «Banderarekin berreskuratuko dugu ezpata dantza honen zati sinbolikoena».

Horrela emango diote hasieraAzpeitia Dantzan zikloari. Euskal dantzak, interpretazioa, saloiko dantzak… nahastuko dira.

Azpeitia Dantzan

Larunbata, uztailak 2

19:30. Sahatsa dantza taldearen ikuskizuna. Azpeitiko kaleetan zehar ezpata dantza egingo dute.

Igandea, uztailak 3

19:30. Dantza, antzerki eta zirko emanaldia. Dikothomia konpainiaren emanaldia Plaza Txikian.

Igandea, uztailak 10

20:00. Saloiko dantzen erakustaldia eta jaialdia, Soreasu antzokian. Vals, cha cha cha, merengue, bachata, saltsa, runba, rocka eta beste dantza mota batzuen erakustaldia egingo dute hasiberri zein talde eta bikote aurreratuek. Denera, 24 dantza egingo dituzte.

Larunbata, uztailak 16

22:00. Itsasi dantza taldearen ikuskizuna, Soreasu antzokian. Bagare ikuskizunaren barruan, Arabako dantzak egingo dituzte, taldeak berak sortutako beste koreografia batzuekin.

(Mailo Oiarzabal)

Dokumentuaren akzioak