Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 40 urte dantzan

Dokumentuaren akzioak

40 urte dantzan

Egilea
Olaia Zabalondo
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2008/07/24

Busturiko Irrintzi-Alai dantza taldeak bere 40. urteurrena ospatuko du Altamirako jaietan, abuztuaren 10ean, hain zuzen. Egun horretarako hainbat dantza prestatzen ari da taldea. Ekitaldia berezia izango dela esan du Txusa Irujok, Irrintzi-Alai dantza taldeko kideak. Izan ere, gaur egun dantza taldean daudenek eta urte guzti hauetan izandakoek dantzan egiteko aukera izango dute.

1968. urtean hasi zen Irrintzi-Alai dantza taldea martxan. Herriko neba-arreba bi izan ziren taldea martxan jarri zutenak: Rafael eta Rosa Ormaetxea. Itsasne Bilbao ere Busturiko dantza taldeko kidea da eta taldea hasi zeneko istorioa ondo daki. «Rafael Ormaetxeak Durangoko dantza taldean ikasi zuen dantzan eta bere herrian dantza talde bat sortzea erabaki zuen, arrebarekin bat eginda».

Taldean neskak bakarrik

Irrintzi-Alai dantza taldearen hastapenetan neskek bakarrik egiten zuten dantzan. Hala ere, gutxi-gutxika, taldea sendotzen joan zen, gaur egunera arte. Gutxi gorabehera hogei urtetan, mutil nagusirik barik izan ziren taldean. Hala ere, 2001. urtetik aurrera mutil nagusiak ere dantza taldeko parte dira. «Ume txikiak bai izaten ziren, baina gero utzi egiten zuten taldea. Txikitan dantzariak zirenak bueltatu dira berriro dantza taldera. Pozik gaude orain mutilak ere taldean daudelako», diote Irujok eta Bilbaok. Neskak bakarrik izateak egin ahal diren dantza motak murrizten dituztela diote dantzariek. 2001. urtean, nagusien taldean mutilak parte hartzen hasi zirenean, ezagutzen ez zituzten hainbat dantza ikasten hasi ziren. «Ekitaldiak ere osatuagoak dira, beraz».

Taldearen lehenengo ekitaldia Busturiko Altamira auzoko jaietan izan zen. Hori dela eta, taldearen urteurrena Altamira auzoko jaietan egingo dute. Horrela egin zuten baita ere 30. eta 35. urteurrenak ospatu zituztenean.

Herritarrak dantza taldean

«Esango nuke 40 urte hauetan Busturiko herri guztia izan dela dantza taldean momenturen batean», dio Irujok. Jende «asko eta asko» pasatu da Irrintzi-Alai dantza taldetik. «Adin batera heltzerakoan jendeak utzi egiten du beste gauza batzuk egin behar dituelako. Hala ere, herritar gehienak pasatu dira hemendik».

Momentu honetan hainbat lagunek parte hartzen dute dantza taldean, gutxi gorabehera 60 lagun daude. Horietatik, 40 bat hiru urtetik hamabi urtera bitarteko umeak dira. Nagusien taldean lagun gutxiago daude, baina «talde polita osatzeko beste» badirela adierazi dute.

Busturiko Irrintzi-Alai dantza taldeak urtean zehar hainbatetan egiten du dantzan; Bizkaiko eta Busturialdeko dantzari egunetan izaten dira urtero. Bestalde, Busturiko auzo guztietako jaietan ere dantzan izaten dira. «Nahiko dira Busturian ditugun jaiak». Aratusteetan ere beraiek alaitzen dute herriko giroa. Hala ere, orain dela urte askotxu taldea gehiago mugitzen zela diote, «beste herrietako euskal jaietara joaten ginen».

Ekitaldi zabala

Urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldietan hainbat dantza erakusten dituzte Busturiko dantzariek. Euskal Herriko herrialde guztietako dantza motak ikasi eta erakusten dituztela adierazi dute Bilbaok eta Irujok.

Gaur egun, dantza mota bakoitzerako arropa desberdinak dituzte. Antzina bi bakarrik izaten zituztela dio Irujok, «sardinerak eta irlandera». Orain, bestalde, jantzitegi nahiko zabala dute. «Dantza berriak ikasten joan garen heinean, arropa berriak eskatzen joan gara». Dantza taldeko aurrekontuaz ezin direla kexatu diote dantzariek, «Busturiko Udalak diru laguntzak ematen ditu. Ondo portatzen dira gurekin».

Abuztuaren 10eko urteurren ekitaldian 40 urte hauetan taldean izan diren musikariei egingo diete omenaldia.

 

altamirako jaiak

 

 

Abuztuak 9, zapatua.

- 11:00etan, txirrindularien lasterketa.

 

- 18:00etan, umeentzako jokoak. - 20:00etan, herri kirolak. - 21:30ean, erromeria Bide batez taldearekin.

 

Abuztuak 10, domeka.

- 11:00etan, Kalejira. - 12:00etan, meza nagusia Busturiko parrokietako abesbatzekin.

 

- Ondoren, Irrintzi-Alai dantza taldearen urteurren ekitaldia. - 15:00etan, herri bazkaria musikaz alaituta. Txartelak salgai ohiko lekuetan. - 18:00etan, gazteen eta nagusien esku pilota partidak. - 20:30ean, atzerriko dantzariak.

Dokumentuaren akzioak