Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 40 konpainia eta 90 emanaldi, indarberrituta datorren Leioako Umore Azokan

Dokumentuaren akzioak

40 konpainia eta 90 emanaldi, indarberrituta datorren Leioako Umore Azokan

Leioako Umore Azoka indarberrituta dator, maiatzaren 19tik aurrera kaleetara barreak eta bizitza itzultzeko asmoz. Lau egunean zehar sormen erakustaldi bat eskainiko dute 40 konpainiak 90 emanalditan.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Leioa
Mota
Albistea
Data
2022/04/07
Lotura
Naiz

 Umore Azokaren XXII. edizioaren kartela.

Umore Azokaren XXII. edizioaren kartela. (Leioako Umore Azoka)

Izurriteak baldintzatu dituen azken bi edizioen ostean, indarberritutako umore azoka batek hartuko ditu Leioako kaleak  maiatzaren 19tik 22ra. Izan ere, Leioakoa «kalean aritzearen aldeko apustua egiten duten konpainien erakusleiho» bihurtu dela nabarmendu dute antolatzaileek, lanak lehen aldiz erakusteko plaza nagusi bat bilakatuz.

Guztira 40 konpainiak hartuko dute parte XXII. edizio honetan, eta 90 ikuskizun eskainiko dituzte hainbat diziplinatan: dantza, zirkua, performak, clown-ak eta formatu ugaritako musika emanaldiak.

Hilabete pasa geratzen denean, aurtengo programazioaren gaineko zertzelada batzuk aurreratu dituzte azokako arduradunek. Leioan izango diren euskal konpainien izenak zerrendatu dituzte: Dantzaz, Deabru Beltzak, Hika Antzerki Taldea, Trakamatraka, Harrobia Dantza; Eva Guerrero konpainia, Zanguango Antzerki Taldea, Markeliñe Antzerki Taldea, Jokai, Ertza Sorkuntza, Orain-Bi, Barsanti konpainia, Maitane Sarrale, La Trapecionista konpainia, La Pez, Demode Produkzioak, Rouge Elea, Erre Produkzioak & Arteka & Markarada eta Jon Zabal.

Estatu espainoletik etorritako 16 konpainia ere izango dira, eta nazioarteko beste bost, Italiatik, Portugaldik, Estatu frantsesetik, Txiletik eta Japoniatik etorriak.

Ikuskizunak azokako proposamen nagusiak dira, baina paraleloki izaten diren jardueren garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek, hitzaldiak, jardunaldiak, liburu-aurkezpenak, ‘umore meetings’ izeneko saioak eta negozio-bilera azkarrak izango baitira lau egunetan zehar.

550 eskaera

Hitzorduaren proiekzioa erakusten duten datuak eman dituzte antolatzaileek. Zehaztu dutenez, azokan parte hartzeko 550 eskaera jaso dira (%15 Euskal Herrikoak, %55 Estatukoak eta %30 nazioartekoak).  

Zifrek pandemia aurreko edizioetan jasotakoen parekoak dira, eta «haiek baino hobeak dira, agian», azaldu dutenez.

Zehaztapen gehiagoren zain, Umore Azokak «Leioako kale eta plaza guztiak bere egiteko itxaropena» agertu dute antolatzaileek. 

Dokumentuaren akzioak