Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 40 konpainia bildu, eta 100 emanaldi eskainiko ditu Umore Azokak

Dokumentuaren akzioak

40 konpainia bildu, eta 100 emanaldi eskainiko ditu Umore Azokak

Jaialdiak

Maiatzaren 17tik 20ra bitarte Leioa "kale arteen hiriburu" bihurtuko dutela esan dute antolatzaileek. Erabateko 13 estreinaldi batu dituzte programan.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/04/26
Lotura
Berria

"Sasoi onean". Euskal Herrian kale arteei eskaintzen zaien jaialdi nagusietariko bat da Umore Azoka, eta, antolatzaileen hitzetan, indartsu beteko du aurten hemeretzigarren Leioan (Bizkaia). Gaur aurkeztu dute programazioa, eta erreferentziazko hitzordu izaten jarraitzeko asmoa dutela aurreratu dute aurkezpenean. Maiatzaren 17tik 20ra bitarte egingo dute jaialdia, eta, guztira, 40 konpainiak hartuko dute parte. Erabateko 13 estreinaldi izango dira, eta baita Euskal Herrian lehenengoz ikusiko diren hamaika emanaldi ere. "Aldez edo moldez, berritasunak eskainiko ditu programazioaren %50 inguruk", zehaztu du Ana Lopez jaialdiko programazio arduradunak.

Sektoreko profesionalekin eskuz-esku osatzen dute programa, Lopezen hitzetan: "konplizitatez". Aurten, esate baterako, 21 euskal konpainia izango dira jaialdian, eta beren lanak estreinatzen izango dira haietariko asko. "Badakigu Umore Azoka Leioa ezinbesteko hitzordua dela Euskal Herriko Kaleko Arteen kolektiboarentzat, eta horregatik, hain zuzen ere, esfortzu handia egiten dugu hemen egiten den sorkuntza lan gehienek Leioan bere erakusleihoa izan dezaten". Besteak beste, jaialdian izango dira, adibidez, Ganso & CiaHortzmuga TeatroaLasalaMarkeliñePez Limbo eta Tio Teronen Semeak taldeak.

Nazioarteko taldeek ere izango dute lekurik, ordea. Herrialde Katalanetako sei talde izango dira, guztira, adibidez, eta Txileko, Frantziako eta Herbehereetako lanak ere izango dira, tartean.

Osotasuna, kalitatea eta oreka

Hiri osoa hartuko du jaialdiak, eta, guztira, 15 eszenario prestatuko dituzte kaleetan. "Transformatu ahal den hiriko edozein txokoren bila aritzen gara", onartu du Lopezek. Eta horregatik aipatu dute antolatzaileek Leioa "kale arteen hiriburu" bilakatuko dela lau egunez.

525 proposamen jaso dituzte, guztira, eta horien artean egin dute hautaketa. Eta programazioaren osotasuna, kalitatea eta diziplinen arteko oreka izan dute gogoan programa osatzerakoan. Izango dira zirko ikuskizunak, dantza saioak, umore emanaldiak, kale antzezlanak, magia eta baita piroteknia ere egitarauan. Horregatik, nork bere zaletasunen araberako bisita egin ahal izateko, diziplinen arabera antolatutako hainbat ibilbide ere proposatzen dizkie antolakuntzak bisitariei.

Merkatu ere bada jaialdia, halere. Etorkizuneko kontratuak egiteko plataforma bilakatzen dira Leioako kaleak antzerki konpainientzat, eta Umore Azokaren alde hori ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Zehaztu dutenez, 200 programatzaile inguruk eman dute izena jadanik azokan egoteko, eta arte eszenikoen hainbat elkartek ere baliatuko dituzte egun horiek beren biltzarrak eta solasaldiak egiteko.

37.000 ikusle

Profesionalen onarpenaz gainera, azokak publikoarena ere jaso dutela uste du Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak eta iazko bisitari kopurua jarri du horren adibidetzat. Izan ere, 37.000 ikusle bildu zituen Umore Azokak 2017an. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzen dute jaialdia, eta 221.300 euroko aurrekontua eskaintzen dio udalak. Eta inbertsioari eusteko borondatea azaldu du alkateak. "Inbertsio handia da, baina jendea noiz helduko den zain egoten da, eta balio du arte eszenikoen mundua eta artistak bultzatzeko ere".

Umore Azokako aurreko edizio batean publikoa, emanadi bat ikusten

Umore Azokako aurreko edizio batean publikoa, emanadi bat ikusten MARISOL RAMIREZ/ FOKU

Dokumentuaren akzioak