Dokumentuaren akzioak
4.000 ikusletik gora bildu ditu Loraldia jaialdiak online zein ekitaldi presentzialetan
Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren 7. edizioaren balorazio positiboa egin du. «Batetik, bizi dugun egoerari aurre egiteko gai izan gara eta segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta, aurrera atera ahal izan dira programatutako ekintza guztiak, kultura segurua dela erakutsiz», adierazi dute.
«Bestetik, euskal kultur proposamen anitzak erdigunera ekarri dira Bilbora eta Bilbo bilakatu da hiru astez euskarazko kultur sormenaren erdigunea», esan dute. Euskal Herri osoko 120 artistatik gora bildu dira Loraldian, 13 areto ezberdinetan.
«Sormenareki zor bat genuela aldarrikatu zuen Loraldiak festibalaren leman eta erantzuna eman diogu horri«, gaineratu dute.
Horrez gain, formatu, estilo, sormen anitzak plazaratu ditu. «Sortzaile berri ugari aurkeztu dira Loraldiaren edizio honetan eta publikoak deskubrimendu handiak egiteko aukera izan du. Hausnarketa egiteko eta ikuspegi kritikoa lantzeko aukerak izan ditugu baita ere», diote.
Azkenik, publikoaren erantzun paregabea azpimarratu nahi du Loraldia Kultur Elkarteak. «Programazioak harrera paregabea izan du eta aretoak lepo bete dira. Ikuspegi artistikotik, publikoak gozatu egin du. Eta jarrera aldetik, segurtasun eta babeserako baldintza guztiak bete izan ditu», azaldu dute.
Aurten izanko bizipenak aletzen hasita, Xabi San Sebastian Xabier Leteri kantari aritu zenekoa gogoratu dute –‘Izotza urtzen denean, zer geratzen da? Gu eta kantak’, entzun genuen Xabi San Sebastianen ahotsetik»–; Zetak –«pandemiak besaulkira lotu gintuen baina gure arima dantzan mugarik gabe altxatu zen»–; baita Mikel Ayllonen emanaldia ere –«A zer nolako irudia zen erabateko isiltasunean zegoen aretoan entzungailuak jarrita ikusleak ikustea. Bien bitartean bi aktore tauletan antzezpen mutua plazaratzen. XXI. mendeko irudia, zalantzarik gabe».
‘Errimak bi oinetan’ sentikariak, Haatik konpainiaren azken sormen lanak, dimentsio berri batera eraman zituen bertaratutakoak. «Atzoko eta gaurko dantza bertsoekin partekatzean, istorio ulergarriagoekin gozatzeko ahalbideratzen du. Egunerokotaunarekin lorturik, dantza inprobisatuek (bertsoak bezala) izugarrizko poza biztu zuten ikusleen erraietan», diote.
Aurten eszenaratutako lanen zerrenda luzea da... Antzerkian bi lan aurkeztu dira. «Joseba Sarrionandia berriro ere izan da Mikel Antzaren eskutik. ‘Pessoak kartzelatik atera zuen Sarrionandia’ antzelanak bi plano ditu. Euskal idazlearen Pessoaren ‘O Marinheiro’ teatro lanaren itzulpena eta Mikel Antza sortzaile beraren biografia. Euskal gatazkaren gako batzuk, alde batetik, bestetik bizitza eta heriotzari buruzko hausnarketa poetikoak. Lan soila eta xuxurlatuz egina. Narratiba berria Loraldiak sustatuta».
Unai Elorriagaren ‘Opeilako erlea’ narrazioa abiapuntu hartuta osatutako ikuskizunak itxi zuen aurtengo edizioaren teloia. «Hausnarketa sentikorra heriotza zen. Ba al du zentzurik heriotza bako bizitzarik? Bertsolariak, Oihana Iguaran eta Jone Uria bikain aritu ziren eta Fermado Velazquezek sortu berri zuen soinu banda ezin egokiagoa zen. Emozioak jota bukatu genuen, eszenakoak nahiz aretoko ikusleok. Begiak bustita, tximeletak sabelean», nabarmendu dute.
Dokumentuaren akzioak