Dokumentuaren akzioak
35etik gora euskal sortzaile, hemen eta munduan
Etxepare Euskal Institutuak zabaldutako udako euskal leihoen bitartez, Basque. Performing Arts markapean, 35etik gora euskal sortzailek eta hamabost konpainiak parte hartuko dabe abuztuan eta irailean Espainian, Frantzian eta Portugalen egingo diran arte eszenikoen 9 jaialditan, besteak beste, Libourneko Fest´Arts eta Avignoneko Opera Teatroa (Frantzia), Anfitrión Arte Eszenikoen jaialdia (Andaluzia), Torres Vedras (Portugal), Tàrregako Fira de Teatre al Carrer (Katalunia), Escena Patrimonio (Salamanca, Cuenca eta Segovia) eta Expoesian (Soria) eta tartean hainbat estreinaldi izango dira. Holan adierazo dabe gaur goizean Etxepare Euskal Institutuko ordezkariek, udako euskal leihoen barri emoteko prentsaurrekoan, Bilboko Azkuna Zentroan.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azpimarratu dauenez, pandemiaren bilakaereak eragin zuzena izan dau gure sortzaileen mobikortasunean eta horri erantzuteko, alde batetik, sortzaileakaz lankidetzan mobikortasuna sustatzeko diru-laguntza deialdia eraldatu doguz; bestetik, arte eszenikoetako nazinoarteko jaialdiek hurreko proposamenak lehenetsiko zituela ikusita, jaubetu ginan maila geografikoan hurreko jaialdiak eta hitzorduak modu proaktiboan landu behar genduzala, euskal kulturearen presentzia gure mugetatik harago eroaten jarraitzeko eta Etxepareren misinoari eusteko.
Larrazak adierazo dauenez, udako leiho honeek guztiek oso ondo islatzen dabe euskal sortzaileen gaitasuna proiektu bikainak sortzeko eta gauzatzeko; baita euskal kultureak gure mugetatik kanpo dauen tiradizoa be. Eta azpimarratu dau lanean jarraituko dabela nazinoartean aurten atzeratutako kultur programak berreskuratu eta proposamen barriak lantzeko.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, Etxepare Euskal Institutuaren zereginen artean dago gure kulturearen barri kanpoan emotea eta gure sortzaileei eta produktoreei euskal kulturea zer dan kanpoan erakusteko laguntzea emotea. Eta zeregin hori ez da erraza izan bizi dogun egoera honetan baina badabil bai Etxepare Euskal Institutua helburu hori beteten eta topau ditu bideak, eta zabaldu dira leiho barriak be. Gure artista eta sortzaileek be jakin dabe egoera barri eta berezi honetara moldatzen eta topau ditue leiho barriak. Lanerako aukera onak dira, gure kulturea gure mugetatik kanpo ezagutzera emoteko pausu barriak dira. Eskerrik asko Etxepare Institutuari, baita gure sortzaileei be aukera barri horreek hartu eta bidea egiten jarraitzeagaitik.
Gaurko aurkezpenean udako euskal leiho horreetan parte hartuko daben sortzaileetako batzuk be izan dira, berbarako, hiru jaialditan izango dan Jon Maya (Kukai Jantza), jaialdi bitan izango dan Judith Argomaniz (Lasala Jantza), Garbitxu (Deabru Baltzak) eta Ana Meabe (Marie de Jongh).
Euskal Herria, protagonista Expoesian
Euskal kulturea kanpoan sustatzeko leiho garrantzitsuena Soriakoa izango da, izan be, abuztuaren 1etik 8ra egingo dan Expoesia 2021 Liburu Azokako aurtengo gonbidatua Euskal Herria izango da, euskal hizkuntzea, poesia eta literaturea protagonista bilakatuz. Esangura horretan, Cercanías atalean euskeraz zein gaztelaniaz idazten daben zenbait euskal idazle jentaurrean agertuko dira: Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Aitor Francos, Karmelo C. Iribarren eta Peru Magdalena, kasu. Baita Pello Salaburu edo Jon Kortazar akademikoak be.
Ikuskizunen arloan, Gaztela-Leongo urian izango dira Kukai Jantza, abuztuaren 1ean, Amaia Zubiria, abuztuaren 2an, Ruper Ordorika, abuztuaren 5ean eta proiektauko dira, esaterako Obaba (Montxo Armendariz, 2015), Dantza (Telmo Esnal, 2018) filmak eta monografiko bat eskainiko jako Oskar Alegria iruindarraren obreari, bere film bi eskainita: Emak Bakia baita (2012 ) eta Zumiriki (2019). Bertsolaritzea eta bertsolariak be partaide izango dira Sorian (Uxue Alberdi eta Miren Amuriza, Danele Sarriugarte interprete dabela); eta jaialdian joaldun eta Txamalako txalapartariez gan, Isabel Azkarate argazkilari donostiarraren Arte eta parte erakusketea bisitau ahal izango dabe bisitariek abuztuaren 28ra arte. Bestalde, Expoesiako Liburu Azokara batuko diren hogei argitaletxeetatik lau izango dira Euskal Herrikoak: Pamiela, Elkar, Astiberri eta Txalaparta.
Hiru euskal konpainia, Libournen
Abuztuaren 3tik 7ra kaleko arteen Fest´Arts jaialdia egingo da Libournen (Frantzia) eta Amaia Elizaran, Lasala eta Deabru Beltzak konpainia euskaldunak izango dira bertan (abuztuaren 6an).
Kukai taldearen Oiasso, Cadizen
Andaluziako Juntaren Anfitrión Arte Eszenikoen Jaialdian, abuztuaren 4an eta 5ean, Kukai Jantza taldeak Oiasso ikuskizuna taularatuko dau Baelo Claudia antzoki erromatarrean; lan honen bidez, Cesc Gelbert, Marcos Morau, Sharon Fridman, Jon Maya koreografo ospetsuen koreografietan barrena joango dira ikusleak, Oreka Tx-en txalaparta magikoan eta euskal eta andaluziar jatorriko jantzearen arteko topaketa berezian. Bestalde, irailean Tanttaka Teatroak Ameriketako bidaia antzezlana taularatuko dau Malagako Fuengirolako Sohail gazteluan.
Lasala eta Maite Guevara, Fira Tàrregan
Kataluniako Fira de Teatre al Carrer de Tarregan, irailaren 9tik 12ra, euskal konpainia bi horreek izango dira Basque. Performing Arts-ek atondutako leihoan: Maite Guevara konpainiaren Qué buen día eta Lasala konpainiaren Fight lana. Irailaren 10ean eta 11n ikusi ahal izango dira biak: Guevararena, publiko guztientzako clown ikuskizuna da; eta Lasalaren Fight obreari jagokonez, jantzearen bitartez gizakiak burrukeagaz dituan jatorrizko harrtu-emonei heltzen deutso.
Hiru euskal konpainia Portugalen
Portugaleko Torres Vedras jaialdian hiru euskal konpainia programau ditue: Anita Maravillas konpainiak, Jon Braun taularatu eta gero, udan Eva Guerrero konpainiak Gorpuztu jantza garaikideko piezea eskainiko dau eta Berdinki Zirkusek Mikra zirku garaikide pieza eszenaratuko dau.
Euskal begiradea Salamanca, Cuenca eta Segovian
Irailaren 11tik 18ra, Larrua Proiektua konpainia gasteiztarrak Ojo de buey propio sortutako arte garaikideko obrea eszenaratuko dau Salamancan. Iratxe Ansak eta Igor Bacovich-ek osotzen daben Metamorphosis Dance konpainiak, barriz, Cuencan REacción estreinauko dau, bertako Arte Abstraktuaren Museoagaz eta Torner espazioagaz lankidetzan. Eta Kukai Jantzak, egungo flamenko-jantzari berezienetako bat dan Andrés Marinegaz alkarlanean, Yarin taularatuko dau Segovian.
Marie de Jongh, Avignonen
Marie de Jongh konpainiak Avignoneko Opera Grand Avignon Teatroan ‘Ama’ ikuskizun barriaren sorkuntza-egoitzea egingo dau irailean. Konpania bizkaitarraren helduei zuzendutako lehen ikuskizuna izango da eta jagoletzea dau ardatz.
2018an Ume eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Sari Nazionala irabazi eban.
Venecia eta Valladolid
Iratxe Ansa koreografo eta jantzariak XV. Biennale di Venezian parte hartu barri dau Metamorphosis Dance konpainiagaz `Biluzik´ (Al desnudo) ikuskizunagaz. Eta Valladolideko Nazinoarteko Antzerki eta Kale Arteen Jaialdian (TAC), garagarrilaren 7tik 10era, lau euskal konpainiak parte hartu dabe: Dantzaz, Pez Limbo, Amaia Elizaran eta Eva Guerrero.
Dokumentuaren akzioak