Dokumentuaren akzioak
350 dantzari elkartuko dira Busturialdeko Dantzari Txiki Egunean
Busturia eskualdeko dantzari txikien topagune bihurtuko domekan [ekainak 9]. 36. Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna hartuko du udalerriak eta 350 dantzari daude egun horretan parte hartzera deituta.
Eskualdeko zortzi dantza taldeko kideak elkartuko dira Altamira auzoan: Itxas Alde (Bakio), Urdaibai (Forua), Alkartasuna (Bermeo), Artie Dantza Taldea (Gautegiz Arteaga), Elai Alai Dantza Taldea (Gernika-Lumo), Baso Txoritxu (Ibarruri), Lorea Dantza Taldea (Ibarrangelu), eta Irrintzi Alaia (Busturia), aurtengo ekitaldia antolatzeaz arduratu den taldea.
Dantza talde guztiak 11:00 aldera batuko dira Altamiran, eta eguraldia lagun baldin badute, kalejiran joango dira dantzalekura: Altamirako tenis zelaira. Antolatzaileek azaldu dutenez, euria egingo balu, zuzenean kultur etxe eta J.M Uzelai Herri Ikastetxe ondoan dauden tenis pista estalietan elkartuko lirateke. Dantzaldia 12:00etan hasiko da.
Kalejira dantzalekura iristeagaz batera, Dantzari Dantzako umeek emango diote hasiera ekitaldi nagusiari. Dantza-ziklo horretan Aginariena, Banangoa, Ezpata Txikia eta Txotxongiloa dantzatuko dituzte. Jarraian, Agurra eta Bizkaiko zinta dantzaren txanda izango da, eta, segidan, Marmutx, Zapatain eta Txulalaigaz jarraituko dute.
Eltziegoko dantzekin —Sarrera, 4 calles eta Arbola dantza— eta Zahagi dantzagaz (Markinakoa) jarraituko dute ikuskizuna. Makil txiki I eta Makil Txiki II egin eta gero, Sardinerak —jota barik— eta Mariana dantzatuko dituzte. Lanestosa dantzatuta, Biribilketagaz borobilduko dute emanaldia dantzari txikiek.
Iaz Ibarruriko Baso Txoritxu taldeak antolatu zuen Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna, Muxikan, eta aurten Busturiko Irritzi Alai taldeak hartu du lekukoa. 350 dantzari espero dira aurten, iaz baino gehiago, beraz, aparkaleku berezi bat egokitu behar izan dutela adierazi dute antolatzaileek: “San Kristobaleko Presapeko aparkalekua gaitu dugu eta bertara bideratuko ditugu auto gehienak. Aparkaleku hori betetzen denean, herrian zehar aparkatu beharko dute”. Izan ere, herrian zehar dauden obra ezberdinek alternatiba gehiago izatea eragotzi du.
Nagusiak, gero. Dantzari txikiak hartuko ditu Busturiak domekan, baina ez da udalerriak aurten hartuko duen dantza ekitaldi bakarra izango. Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunaren 24. aldia eszenatoki berean egingo da, udazkenean. Data zehazteko badago ere, urrian edo azaroan izango dela aurreratu dute Irrintzi Alai dantza taldekoek.
Dokumentuaren akzioak