Dokumentuaren akzioak
32. dFeria parte hartze handiarekin amaitu da, greba orokorraren eragina izan arren

Donostiako dFeriak amaitu du bere 32. edizioa balantze orokorrean emaitza onekin. Antolatzaileen arabera, publikoaren parte hartzea handia izan da eta sektore profesionaleko ordezkaritza zabala bildu da. Guztira, 15.985 pertsonak hartu dute parte antolatutako jardueretan: ia 9.000 lagun ikuskizunetan izan dira, batez beste %87ko okupazioarekin, eta 7.000 baino gehiago jarduera profesional eta bestelako ekitaldietan.
Azokan 657 profesional akreditatu dira. Horien artean, 229 programatzaile, 79 banatzaile, 217 ekoizle edo konpainia ordezkari, 79 erakunde-ordezkari eta 21 kazetari edo kritikari izan dira. Nazioarteko presentzia ere nabarmena izan da: 138 profesional etorri dira atzerritik, 40 herrialde baino gehiago ordezkatuz.
Programazioari dagokionez, 31 konpainiak 31 ikuskizun aurkeztu dituzte, guztira 42 emanalditan. Ikuskizunen %74 estreinaldiak izan dira modu batean edo bestean: bi mundu mailakoak, hiru estatu mailakoak eta hemezortzi Euskal Herrian. Diziplinen artean dantzak pisu handia izan du (%48), ondoren antzerkiak (%46), eta zirku eta diziplina anitzeko ikuskizun bana ere programatu dira. Atzerriko konpainiak Italiatik, Taiwanetik, Danimarkatik eta Argentinatik etorri dira. Euskaraz eskainitako lanen artean egon dira Itzulera (Dejabu), 52 hertz (Ados Teatroa) eta Arizona (Txalo Produkzioak).
Grebaren eragina
Martxoaren 17an Hego Euskal Herrian egindako greba orokorrak eragina izan zuen jaialdian. Hori dela eta, hiru ikuskizun bertan behera geratu ziren eta beste bat birprogramatu behar izan zen. Sensación térmica hurrengo egunean eman zen Intxaurrondon, eta beste bi ikuskizunen kasuan topaketa profesionalak antolatu ziren konpainien eta programatzaileen artean.
Bestalde, feriaren hasieran 2025eko edizioaren eragin ekonomikoari buruzko datuak aurkeztu ziren. Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterketaren arabera, dFERIAk 341.348 euroko eragin ekonomiko zuzena eta 846.744 euroko eragin induzitua sortu zituen. Kalkuluen arabera, inbertitutako euro bakoitzeko 2,48 euro sortu ziren eta urtean 7,34 lanposturen baliokidea eragin zuen.
Dokumentuaren akzioak


