Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 27. Dantza Txapelketa ospatuko da asteburu honetan Seguran

Dokumentuaren akzioak

27. Dantza Txapelketa ospatuko da asteburu honetan Seguran

Ekainak 28an botako dute emanaldia ETB-n, zuzenean ikusi ezin dutenentzat

Komunikabidea
Deia / Goretti Aldalur / Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/06/19

Aurtengoa 27. edizioa da eta ohi den moduan, Segurako Baratze pilotalekuan ospatuko da datorren larunbatean eta igandean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Hilaren 21ean, final aurrekoa izango da eta parte hartuko duten 22 bikoteetatik 15 bat sailkatuko dira hurrengo eguneko finalerako. Dena dela, zuzenean ikusteko paradarik ez dutenentzat, ETB-k emanaldia ekainaren 28an botako du bere lehenengo katean gaueko 22:15etik aurrera.

Atzo eman zuten txapelketaren berri Mikel Areizaga alkateak, jaialdiaren sortzaile eta eragile izandako Guillermo Areizagaren semeak; Joxe Juan Ugalde, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko ordezkariak; hastapenetatik Segurara lotua egon den Nestor Basterretxea eskultoreak eta Joxe Mari Oterminek EITB-ren izenean. Ugaldek azaldu zuenez, bikote kopuruari begiratuta soilik, dantza sueltoa sasoiko dagoela esan daiteke, «gaztetxoen artean hutsune batzuk dauden arren». Gainera, txapelketak geroz eta lurralde eremu zabalagoa hartzen du, izan ere, urteetan gipuzkoarrak bakarrik igo diren arren taula gainera, aurten hiru bikote bizkaitarrak izango dira eta Arabatik eta Nafarroatik ere badatoz ordezkariak.

Besteak beste, epaimahaiak kontuan hartuko ditu dantzarien ejekuzioa, dantzaren osotasuna, bikotearen berdintasuna, erritmoa eta zailtasuna. Aurten pare bat txapelketa ospatu dira dagoeneko eta horietan ikusi den mailak izugarrizko ikuskizuna aurreikusiarazten duela azaldu zuen Ugaldek.

Bada berrikuntzarik ere. Urtero bezala, fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dituzte lehiakideek baina aurten fandangorako aukera jarri dute txistuz edo albokaz, arabarrek edo bizkaitarrek joera hori izan zezaketeela eta. Horretarako, Joan Mari Beltran musikaria izango da Seguran.

Bikote txapeldunak Nestor Basterretxearen eskultura jasoko du 680 euro eta beste oroigarri ba-tzurekin batera.

27. Euskal Herriko Dantza Txapelketako epaimahaia ondorengo lagunek osatuko dute: Rafa Salaberriak, Patxi Sarasolak, Gabriel Alonsok, Jose Mari Sorazuk, Josune Sarriegik eta Joxe Antonio Atxukarrok. Eurek neurtu beharko dute dantzarien abilezia eta maila.

Dokumentuaren akzioak