Dokumentuaren akzioak
250 haur dantzari elkartuko dira Gauargi jaialdian, Ezpeletan
Uztailaren 17tik 21era izanen da aurtengo VII. edizioa Nazioarteko zazpi dantza taldeen dantzak ikusten ahalko dira, emanaldietan
Nazioarteko hainbat herritatik etorritako zazpi dantza talde elkartuko dira uztailaren 17tik 21era Ezpeletan, Gauargi izeneko dantza jaialdian parte hartzeko. Hain zuzen ere, munduko haurrak bilduz dantzak ezagutaraztea helburu duen jaialdi hori iaz bertan behera utziko zela esan zen. Urte bat pasatu da, eta ekimena bultzatzen zuen taldea berriz osatu eta Gauargiren VII. edizioa aurten ere antolatzea erabaki dute. «Indar berri bat eman nahi diogu jaialdiari», adierazi zuten antolatzaileek aurtengo jaialdiaren aurkezpenean.
Hala ere, orain arte Kanbon izaten bazen, aurten Ezpeletan, herriko etxearen gibelean kokatutako oholtza batean eskainiko dira dantza emanaldi guztiak. Orotara, 8 eta 15 urte arteko 250 gazte dantzari bilduko dira lau egunez Ezpeletan, eta Euskal Herriko haur dantzariekin, Sizilia, Hego Afrika, Peru, Eslovakia, Guadalupe eta Turkiako dantza taldeen emanaldiak ikusten ahalko dira.
Jarraian, egunez egun dantza ikusgarriak izanen dira, herriko etxearen gibelean kokatua izan den karparen azpian. Uztailaren 21ean, arratseko zortzi eta erdietan bukatuko da jaialdia, egunez egun aritu diren dantza talde guztien parte-hartzearekin.
Dantza emanaldiez gain, beste hainbat animazio eskainiko dira egunero. Esaterako, gauero eginen diren musika emanaldietan, ostegunean, larunbatean eta astelehenean zirko ikusgarria izango da.
Uztailaren 17an, ostegunean, lau orduko antzerki ikuskizun berezi bat emanen du Jean Marc Toto "Scaramucia" elkarteko arduradunak.
Dokumentuaren akzioak