Dokumentuaren akzioak
25. urteurrena ospatzeko egitarau oparoa osotu du Kriskitinek
Izan ere, urtero burutzen dituzten ekintzak (Durangon Folk, Akelarrea, Surrandien Konpartsa, etab.) albo batera utzi barik, urteurrena ospatzeko hitzordu bereziak atontzen jardun baitute azken hiru hilabeteetan.
Otsailaren 25ean, esaterako, 12:00etan zabalduko dute, martxoaren 18ra arte, San Agustin kulturgunearen sarreran ikusgai izango den taldearen historiari buruzko erakusketa. Kriskitin taldearen mende laurden honetako argazkiak, kartelak, jantziak, musika partiturak, tresnak eta bideoak erakutsiko dituzte bertan. Dantza taldeak baliatutako jantziak erakusteko, desfile bat ere burutuko dute, martxoaren 10ean, 19:00etan.
Orain 25 urte taldea osatu zutenean bezala, dantza emanaldi biziak, dinamikoak, sortzeko helburuz dihardute 60-70 lagun inguruk Kriskitin dantza taldean, gaur egun ere: nagusien, umeen eta gaztetxoen talde banak, eta zortzi musikarik osatzen dute 2012 urteko Kriskitin dantza taldea.
Ekainean, "dantza saio erraldoia"
Hain zuzen, gaur egungo dantzari, musikari eta laguntzaileak, eta 25 urteotan taldeko kide izan diren lagunak elkartuko dituen ekitaldia antolatu dute, ekainaren 30erako: ehun dantzaritik gora arituko dira, Andra Mariko Elizpean, emanaldi horretan. Egoitz Esturo taldeko kideak azaldu duenez, "25 urteetako lanaren lagina, taldeak bizitako eboluzioa" islatuko dute emanaldi horretan.
Dagoeneko gonbidatu dituzte taldetik igarotako asko ekaineko "dantza saio erraldoi" horretara, baina azpimarratu dutenez, "izan liteke norbait gura barik abisatu barik geratu izana, eta Kriskitineko kide izan diren guztiei deialdia luzatu gura diegu hemendik, ekaineko ekitaldian parte har dezaten", esan du Esturok.
Kriskitin Eguna, abenduan
Ekainekoaren ostean, 2012 urte amaieran, "jai giroko eguna" izateko prestatu duten Kriskitin Eguna ospatuko dute: "familia eguna izango da", azaldu dute, "eta ekaineko dantza saioko bideo eta argazkien emanaldia, triki-poteoa, bazkaria eta erromeria" burutuko dituzte. Esturoren berbetan, "taldea gertu sentitu duten guztiak gonbidatu gura ditugu egun horretan geugaz ospatzera".
Beste hainbat ekintza ere burutzeko asmoa dute, 2012 urte honetan zehar, Kriskitin taldekoek: besteak beste, Juan Antonio Aromak aurreratu duenez, "Kriskitin taldearen 25 urteotako historia gal ez daiten", ikuskizunak, anekdotak, argazkiak, eta bizipenak jasoko dituen liburua prestatzen dihardute: Durangoko Liburu eta Disko azokarako gura dute liburu hori argitara eman.
Mende laurdenaren ospakizunetan, oholtzatik plazara salto egiteko, "herria dantzan ipinitzeko" asmoa ere agertu dute Kriskitin taldekoek: "hile birik behin, dantzak plazara atera eta dantzazale guztiekin" konpartitzea dute asmoa. San Agustingo erakusketa amaitutzat emango duten egunean, martxoaren 18an, 18:00etan, San Agustinalden bertan burutuko dute erromeria horietako lehena.
Dokumentuaren akzioak