Dokumentuaren akzioak
21.000 ikusle baino gehiago batu ditu 33. Kalekak
Hiru egunetan banatuta, hamaika ikuskizunez gozatzeko aukera egon da Lekeition, 33. Kalekan. Eguraldi onak lagunduta, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia erakusleiho aparta izan da kale arteentzako. Jaialdiak oihartzun handia lortu du urte guzti hauetan, eta aurtengoan ere hala izan da.
33. edizio honetan 400 proposamenetik gora aurkeztu zituzten, eta hamaika izan ziren hautatuak. Euskal Herriko konpainiez gain, Portugal, Katalunia, Valentzia, Andaluzia, Gaztela eta Leon eta Gaztela Mantxako kolektibo eta artistek ere parte hartu dute. Goi mailako egitarau anitza aurkeztu zuten, eta 21.000 ikusletik gora elkartu dira asteburuan Lekeition.
Aurtengoan lau izan dira Kalekan parte hartu duten euskal kopainiak: Cía Trotamundos konpainiak Finito.Infinit@ ikuskizuna eskaini du, Haatikek Ur eta Trapu Zaharrak Mesede bat egitearren. Lekittoko Deabruak konpainiak Mingarri ikuskizuna eskaini du, eta antolatzaileek aipamen berezia egin diote konpainiak izandako bilakaerari. 11 urtez aritu dira lanean, eta Kalekako antolatzeeileek azpimarratzen dutenez, “urte guzti hauetan egindako lanaren fruitua nabarmena da”. Milaka pertsona batu zituen beraien piroteknia ikuskizun erraldoiak.
Horrez gain, Espainiako estatuko eta nazioarteko konpainiak ikusteko aukera ere egon da Kalekan. Barikuan, gogoeta eta umorea batzen dituen Grands kalejira egin zuen Cia Xa Teatre konpainiak eta Cia La Tal konpainiak, aldiz, Carrillo clown ikuskizunaz erloju baten barne bizitza kontatu zuen.
Zapatuan bainugela batean bizi den auzokide baten istorioa kontatu zuen David Cebrianek, WC lanagaz, eta arratsalde guztian poesiagaz gozatzeko aukera egon zen Baychimo Teatroren Versos que anidan ikuskizunagaz. Azkenik, nazioartetik Portugalgo PIA konpainia etorri zen, Oxigeno ikuskizunagaz.
33. Kalekagaz amaitzeko, Menina kalejira eskaini zuen 7 Bubbles konpainiak, eta musika dantza eta maitasuna elkartzen dituen show-a egin zuen Holoque konpainiak.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten konpainiei, laguntzaileei eta kolektiboei: “33. Kaleka arrakastatsua izan bada, guztiei esker izan da”.
Honezgero, hurrengo edizioari begira jarri daude antolatzaileak, eta gogorarazi dute udazkenean irekiko dutela hurrengo Kalekan parte hartzeko deialdia.
Dokumentuaren akzioak