Axeri Dantzaren berreskurapena
Bixente Olano euskaltzaleari iritsi zitzaion 1936ko gerra aurreko garaietatik oihartzuna, Aduna eta Andoaingo mutil gazteek dantzatu ohi zutela Axeri Dantza, alegia. Berak harrotu zituen bazterrak. Joxe Antonio Zalakain txistularia eta Juantxo Arregi eta Luis Mari Beraza dantzariak eta lauek, Adunarako bidea hartu zuten. David Zabala eta Faustino Sorondo antzinako dantzariekin hitzordua egin eta gero.
Ez zihoazen esku-hutsik; besapean, Aizpurua txistulari beteranoak gogoan zeuzkan Axeri Dantzako dantza-jokoen doinuak baitzeramatzaten. Era horretan, partitura haiekin eta Adunako dantzari zaharren hanka-jokoen oroitzapenekin uztarketa lanak eginez lortu zuten berrosatzea ahazturan zegoen kultur ondare aberatsa.
Koreografia osaturik, eta behar ziren entseguak eginda, Lizar Makileko dantzariek 1975eko Amabirjin egunean, Adunako plazan estreinatu zuten.
2025ean, ospatzeko moduko efemeridea
Mende erdia betetzera doan Axeri Dantza sasoi betean dabil egun, zaintzaile eta biziberritzaile bikainak dauzkalako Adunan zein Andoainen, zorionez.
Sustrai sendoak dituen kultur ondare ezin aberatsagoa da Axeri Dantza, eta 2025a urte polita eta egokia izan liteke ospakizunetan murgiltzeko; horrela pentsatu dute Andoaingo Axeri Dantza Elkarteko kideek, eta buru-belarri dabiltza azken hilabeteetan, ekitaldi sorta (ikus-entzunezkoa, erakusketa, mahai-ingurua, bazkaria...) xede izanik. Adierazi dutenez, aurrerago zehaztu eta jakinaraziko dute ospakizun-ekitaldien nondik norakoa.
Oinkari: gazteen ekimenez sortua
Amasa-Villabonako zenbait gazte euskaltzalek 1975eko azaroaren 20an eratu zuten Oinkari Dantza Taldea. 70 eta 80ko hamarkadetan, hirurogeiren bat gazte bildu zituen Oinkari Dantza Taldeak. Esan beharrik ez dago urte mugituak izan zirela maila politiko eta sozialean, eta horietako askok euskararen eta euskal kulturaren aldeko beste makina bat ekintzetan hartzen zuten parte.
Ilusioz beteriko dantza taldea zen Oinkari, eta emanaldi franko egin zituen Euskal Herriko hainbat plazetan lehenbiziko urtetan. Baina zoritxarrez, lehen belaunaldi hark, ordu arte egindako ibilbidea etetea erabaki zuen 1983an. Bederatzi urteren buruan, 1992ko Santiotan, zenbait dantzari ohiek Inude eta Artzainen konpartsa antolatu zuten, eta horixe izan zen pizgarria, hain zuzen, Oinkari taldea berriro abian jartzeko. Belaunaldi berriak indartsu heldu zion bide berriari.
Ekitaldiz beteriko urtea
Jada talde antolatzailea osatu dute, eta lotu dituzte zenbait ekitaldi. Horietako zenbait aurreratzeko moduan dira. Horrela, maiatzean, “Lorazainen konpartsa” herrikoia osatu eta kaleetan ibiliko da, ospakizun-urtea girotzeko. Azaroa berriz, ekitaldiz lepo betetzen ari dira. Ez alferrik, azaroaren 20a jotzen baita Oinkariren jaiotze-eguntzat. Jada lotu dituzte: dantza poteoa, Olaederran dantza emanaldia (dantzari ohiekin eta dantzariekin), dantzari txikien emanaldia, bazkaria Aburuza sagardotegian, eta, erromeria herriko plazan.
Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 661 hamaboskarian