Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Zuria, gure erara” ikuskizuna Saroben, urtarrilaren 16tik 18ra

Dokumentuaren akzioak

“Zuria, gure erara” ikuskizuna Saroben, urtarrilaren 16tik 18ra

Egape dantza taldearen ikuskizun berriaren estreinaldia, Anabasa musika taldearekin eta Jon Unanue aktorearekin. Sarrerak urtarrilaren 12tik aurrera salgai jarriko dituzte, Saroben.

Saioak: Urtarrilak 16, ostirala. 20:00. Familia eta gonbidatuentzat. Urtarrilak 17, larunbata. 19:00. 4 euro. Urtarrilak 18, igandea. 19:00. 4 euro.
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Urnieta
Mota
Albistea
Data
2015/01/09
Lotura
Aiurri

Dantza ikuskizuna izango da, musika zuzenean duena eta hori indartzeko, aktorearen ekarpenak ere edukiko dituena. Horixe da ideiaren sustatzaileek Aiurriri aurreratu diotena.

Orain dela bederatzi urte antzerki dinamika abiatu zuten Urnietan eta hiru fruitu eman zituen: Marizulo, Urnieta 59 eta 1936. Hiru emanaldi horien oinarri garrantzitsuena dantza zen; Egape dantza taldeak eta Edu Muruamendiarazek egindako dantzak, hain justu. Hirugarrena amaitutakoan, Egapeko dantzariek emanaldi bat prestatzen laguntzeko eskatu zieten eta hortik sortu da ikusizun berria. Dena den, ez da antzerki taldearen jarraipena izango. Argi utzi nahi dute, aipatu hiru emanaldietan aritutako kideak berriro arituko diren arren, ez dela laugarren emanaldia izango; dantza mundutik abiatu den dinamika berria delako. Urnietan hiru saio egingo dituzte urtarrilaren 16tik 18ra, bata etxekoei zuzendua eta beste biak herritar guztiei irekita. Dantza ikuskizuna izan arren, dantzaren zale amorratuak ez direnentzat ere entretenigarria izango da, ikuskizuna osatzen duten elementu asko egongo direlako. Estreinaldia Saroben izango da, baina aurrerantzean eskualdean saio gehiago egitea gustatuko litzaieke.

Eguberriotan entsegu ugari egin dituzte, saioa borobiltzeko.

Ordubete inguruko saio honetan ez da aspertzeko betarik izango; antzerkia eta musika zuzenean izateaz gain, Gipuzkoako dantzak XXI. gizaldian girotuta taularatuko dituztelako. Egape dantza taldeko neskak erronka berri baten aurrean daude, antzerkia, musika eta dantza nahastuko dituen ikuskizun berria prestatzen ari diren honetan.

Marizuloko kide eta ikuskizunaren ideia izan duen Luis Mari Zalduak dioenez, dantzariek erronka berriak behar dituzte, dantzarako duten mailari eutsi eta aurrera egiteko: “Dantzariek behar zuten erronka bat eta emanaldi honekin horretan ere saiatuko gara. Aitzakia horrekin, gainera, gu ere elkartu egiten gara”, azaldu du.
“Dantza munduan Edu Muruamendiaraz oso pertsona berritzailea izan da”, gaineratu du Zalduak. “Gaur egun arruntak iruditzen zaizkigun hainbat gauza, Gipuzkoako dantza tradizionaleko pauso eta mugimenduetan oinarritutako aldaketa modernoak dira. Honela, dantza tradizionalei musika berriak eta koreografia berriak txertatzen aitzindari izan da Edu”. Dantzen modernizazioan aurrera egiten lagundu eta, beste behin, bere koreografiak erakutsiko dituzte Saroben.

Iztuetaren bizitza oinarri
Iztuetak Gipuzkoako dantzen kanona edo eredua izango zen dantza bilketa bat egin zuen. Bilduma hori oso modu zurrunean ibiltzen omen da, gauza ukiezin bat bezala. “Iztuetaren bizitzari  begiratuz gero, ordea, ikusten da bera ez zela inondik inora pertsona zurrun bat; guztiz libertarioa eta gauzak bere erara egitea gustatzen zitzaiona baitzen. Alderaketa horretan paradoxa bat ikusten dugu argi eta garbi, eta hori da obraren abiapuntua”, dio Zalduak. Iztuetaren hitzetan oinarritutako emanaldia izango da, Jon Unanue aktoreak esaten duena hitzez hitz, bere hitzak baitira. Hala ere, Iztuetaren “irakurketa libre bat” egin dute, beraien erara egina. Gainera, ikuskizun osoa biltzen duen eta gauzak bakoitzak bere moduan egin behar dituela dioen kantu bat ere badago emanaldian. “Guk ideia hori sostengatzen dugu. Egin ditzagun gauzak, baina egin ditzagun geure erara. Ez gaitezen artaldean doan beste ardi bat gehiago izan. Horregatik, berak egingo lukeen bezala, ikuskizuna gure erara osatu dugu”.
Iztuetaren bizitza oso betea izan zen eta horixe islatu nahi dute: “Dantzari oso fina zen, hiru aldiz ezkondu zen, espetxean egon zen urte dezentez, politikoki pertsona modernoa zen, idazlea ere bazen eta euskaraz idazten zuen…”. Oso bizitza oparoa eta interesgarria izan zuen Iztuetak, baina bere bizitza eta izaera ezagutarazteaz gain, garai hartako Gipuzkoa ere islatzen da emanaldian: “Ilustrazioaren garaia, Karlistada, eta Frantziako iraultzak dakarren berrikuntza erakusten dira obran, Iztuetaren bizitza testuinguru horretan kokatzen delako”.

Sinopsia:

“Juan Ignazio Iztueta Zuria aldaketa garaian bizi izan zen; Ilustrazioa, Frantsesadak eta Lehen Karlistada bertatik bertara ikusi zituen. Bizitza luze bezain betea izan zuen, ez baitzen geldi egoteko horietakoa: dantzari fina, hiru aldiz ezkondu zen, espetxean egon zen, hainbat lan idatzi zuen euskaraz...
1824an egindako dantza-bildumarekin gertaturikoa paradoxa da: eskuliburu zurruntzat erabili da urte luzez, egileak beste ororen gainetik, gauzak bere erara egitea, aske izatea, lortu zuenean.
Egape dantza-taldeak, Anabasek eta Marizuloko zenbait kidek, Urnietako Udalaren babesarekin, Zuriaren izatea eta haren garaiko Gipuzkoa ezagut dezan erraztu nahi diogu ikusleari (izan dantzazale edo ez), zaldibiarrak egingo zukeen bezala, gure erara”.   

Dokumentuaren akzioak