Dokumentuaren akzioak
“Zuria, gure erara” ikuskizuna Donostiako Antzoki Zaharrean, igande honetan
Urnietan sortu eta garatutako dantza ikuskizuna Donostian taularatuko dute, igande honetan Antzoki Zaharrean iluntzeko 19:30ean hasita.
Datorren igandean Kutxa Fundazioaren eskutik ikuskizuna eskainiko dute. Dantza, musika eta antzerkia dira ikuskizunaren osagaiak. Dantza, Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Egape dantza taldearen eskutik dator, musika arloaz Anabasa taldea arduratu da, eta antzezle lanean Jon Unanue urnietarra ikusteko aukera izango da.
Ordu eta laurdeneko iraupena duen ikuskizunak, Juan Ignazio Iztueta “Zuria” (1767-1845) zaldibiarraren bizitza luze bezain betea jorratzen du. Dantzari fina, hiru aldiz ezkondu zen, espetxean egon zen, hainbat lan idatzi zituen euskaraz...
Donostiako emanaldiaren atarian, Aiurrik Jaione Jauregi ikuskizunaren koordinatzailearekin hitz egin du: “Lanik potoloena aurrez Saroben eta Andoaingo Basteroko emanaldietarako egina geneukan, baina, adibidez, dantzari batzuk ordezkatu beharra izan dugu, eta Egape taldeko dantzari berri bat eta Aukeran taldeko bi izango dira igandean oholtza gainean. Oraingo lanik handiena musika eta dantzaren arteko uztartze hori lantzea izan da. Pardaideak oso gustura etorri dira, baina ez da erraza horrenbeste jende berriro elkartzea”.
Donostiako emanaldia Kutxa Fundazioari esker gauzatuko da “Urnietako emanaldia ikusi ondoren, Donostiara eramateko interesa erakutsi ziguten. Hasieratik gure asmoa izan zen ikuskizun hau herrira ez mugatzea, eta igandeko emanaldiarekin aurrerapauso hori ematea behintzat lortuko dugu”. Ikusleak zer aurkituko duen galdetutakoan, Jaioneren erantzuna argia da: “Ikuskizun eder bat topatuko dute, eta bide batez, Iztuetaren biografia ezagutuko dute modu oso entretenigarri eta atseginean”.
Bere aldetik, Antton Jauregik jakinarazi duenez, igandeko ikuskizuna azken emanaldia izango da: “Pena izugarria ematen dit. Musikariak duela bi urte hasi ginen lan hau prestatzen, eta lan luze horren ondoren, gustatuko litzaiguke emanaldi gehiago eskaintzea, baina, besteak beste, kontuan izan behar da oso zaila dela denok elkartzea, eta emanalditik emanaldirako tartea handia denean makinaria osoa martxan jartzea ere erruz kostatzen dela.”
Emanaldia Donostian izateak duen garrantziaz galdetutakoan Anttonek zera adierazi du: “Donostian izateak urduritasun puntu erantsi bat emango digu, ardura handia delako, baina, gu beti joaten gara gauzak dakigun ondoen egitera, beraz, alde horretatik ez dut uste emanaldi ezberdina izango denik.”
Sarrerak salgai
Ikuskizunera hurbildu nahi duenak sarrerak erosteko bi aukera dituzte, internet sarean, Kutxanet bidez, edota, egun berean, Antzoki Zaharreko leihatilan.
Dokumentuaren akzioak