Dokumentuaren akzioak
“Xihiko” ikusgarria, Senperen
Otsailaren 14an, igandearekin, Senperen (Larrekon) dantza eta musika uztartzen dituen Xihiko ikusgarria izango da, 17:00etan. Beste aldetik, 8tik 12ra arte, eskolentzako saioak ere programatu dira. Emanaldi hau ikerketa proiektu batean sartzen da, Elirale eta LagunArte konpainiek batera eraman dutena.
“Xihiko mendia gailur bat da Pirinioetako dantzarien irudimen kolektiboan sortua. Mutxiko hitzaren deribatua da, eta mutxiko hitzak gizon ez ezkondua erran nahi du euskaraz, eta mochico okzitaniarrez”.
Pieza koreografiko eta musikala bost interpreterentzat egina da; Arantxa Lannes, Jose Cazaubon, Oihan Indart, Arkaitz Miner eta Jokin Irungaray dira parte-hartzaileak. Arkaitz Miner biolin jolea eta Jokin Irungaray perkusio joleak hiru dantzari interpreteak lagunduko dituzte, azken hauek haien ahotsaz kantatu eta instrumentuak joko dituztelarik. Pantxika Telleria koreografiaz arduratu da.
Obraren trama honakoa duzue: “behor gazte bat Xihiko mendian dabil. Leku horretako biztanleak presentzia bitxi batzuk dira. Gaizkileak izanen ote dira, edo ongileak ? Presentzia horiek Xihiko mendiaren sekretua azalduko al diote ? Normalki mutil gazteei bakarrik azaldua zaielarik...”
Dokumentuaren akzioak