G: San Agustin Kultur Gunea Szenatokia bilakatuko da hurrengo egunotan. Dena prest?
E: Dena prestatzen. Aurten Azokak bost egun iraungo du, luzea izango da eta ekitaldi ugari izango ditugu. Lehena inaugurazio ekitaldia, 6an goizean, ta hortik aurrera gelditu barik antzerki eta dantza pieza laburren erakustaldiak iganderarte, goiz eta arratsaldez. Aldez aurretik ondo antolatuta egon behar du gero dena ondo ateratzeko eta horretan gaude.
G: Hainbat ikuskizun antolatu dira espazio honetan. Zer nabarmenduko zenuen?
E: Nabarmenduko nuke Szenatokiak hartuko duela iazko Sormen Bekaren emaitza: Eucalyptus antzerki obraren aurre estreinaldia egingo du Jon Ander Urresti aktoreak abenduaren 8an. Beñat Urrutia dantzariarekin batera ariko da oholtzan.
G: Urte berezia izaten ari da San Agustin Kultur Gunearentzat, ezta?
E: Bai, urte berezia da, 25. urteurrena ospatzen gabiltza urte osoan zehar. Ikuskizun bereziak programatzen ari gara eta Durangoko jendeak oso ondo erantzun du. Emanaldi guztietan jende asko egon da eta oso pozik gaude.
G: Urte asko daramatzazu ardura dun gisa baina, nola biziko duzu Azokaren edizio hau?
E: San Agustinek bere hasieratik dauka harremana Durangoko Azokarekin, 20 urte baino gehiago, Szenatoki izan aurretik ere aretoa erabiltzen zen. Uste dut urtero bezala biziko dudala aurtengo Azoka, San Agustin kudeatzen eta ahal dudan tarteetan Landako gunera joaten edo beste gune bateko ekitaldia disfrutatzea gustatzen zait, baina, egia esanda, oso denbora gutxi izaten dugu hori egiteko, bai nik eta bai beste guneetako arduradunek.
G: Zer suposatzen du zuretzat gune honen arduraduna izateak?
E: Proiektu baten parte sentitzen naiz, proiektu handi baten zatitxo bat. Kontutan eduki behar da Euskal Herri mailan Durangoko Azoka kulturproiekturik potenteenetakoa dela eta gustoa da horren parte izatea.
G: Azokara gerturatuko diren bisitarientzako mezu eta plan bat?
E: Mila plan egin ahal dituzu Azokako egunetan Durangon. Gomendatuko nuke denbora pixka bat hartu eta gune bakoitzeko egitaraua begiratzeko. Harritu egingo dira zenbat ekitaldi interesgarri dauden Durangon egun hauetan.