Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “SOKA, euskal dantzaren urratsetan” erakusketa, martxoaren 3ra arte Oihanederren

Dokumentuaren akzioak

“SOKA, euskal dantzaren urratsetan” erakusketa, martxoaren 3ra arte Oihanederren

Oihaneder Euskararen Etxeak Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa ekarri du lehenbizikoz Gasteizera. EKE-Euskal Kultur Erakundeak ekoiztutako erakusketak publiko zabalari dantza hobeto ezagutaraztea du helburu. Erakusketaren testuinguruan bi ekintza osagarri antolatuko dira otsailean: bisita gidatua eta hitzaldi dantzatu bat, Oier Araolaza eta Gari Otamendirekin. Gaur, urtarrilak 18, 20:00etan inauguratuko da. Martxoaren 3ra arte egongo da ikusgai.
Komunikabidea
Oihaneder
Mota
Albistea
Data
2019/01/18
Lotura
Oihaneder

Soka, Euskal dantzaren urratsetan erakusketa Ipar Euskal Herriko EKE-Euskal Kultur Erakundeak duela hiru urte Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostia 2016 Fundazioaren laguntzarekin ekoiztutako erakusketa da. Goizeko prentsaurrekoan EKEko zuzendaria den Pantxoa Etchegoinek esan bezala, “euskal dantzak publiko orokorrari ezagutaraztea da erakusketaren xede nagusia”. Horretarako lau hizkuntzatan aurkezten da (euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa), gaiaren inguruko 400 ilustrazio baino gehiago biltzen ditu eta jatorri ezberdinetako ikus-entzunekoen artxiboak ikusgai eta entzugai ditu; besteak beste, Euskadiko Filmategiko altxor batzuk. Aberastasun guztia jendearen esku uzteko, ukipen-pantailak, formatu handiko telebistak, kuadro numerikoak, ordenagailuak eta bideoproiekzio eremuak erabili dira.

 

Iker Durana Oihanederreko kultur kudeatzaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, dantza “gure kulturan oso sustraitua dagoen diziplina da; horren adierazle da, besteak beste, estreinatu berri den Telmo Esnalen Dantza dokumentala”. Oihaneder Euskararen Etxeko programazioan dantzak hasieratik presentzia nabarmena izan duela gogora ekarri du, abiatu berri den Ilunabarrean dantzan zikloaren 4. edizioa kasu. 

2015eko irailean Miarritzen estreinatu eta Baiona, Maule, Bordele, Paue, Donostia, Zarautz, Getxo, Iruña edo Bilbo bezalako hirietan aurkeztua izan ondoren, Gasteizen bukatuko du bere ibilbidea, 18. geltokia” zehaztu du Etchegoinek. “Iparraldean sortu erakusketa batek bere azken aurkezpena Gasteizen izatea mugazgaindiko elkarlan aberatsaren sinboloa da nolabait” erantsi du. Lehen aldia da Oihaneder Euskararen Etxeak eta EKEk elkarlanean aritzen direla eta horren garrantzia azpimarratu dute bi erakundeetatik, “kolaborazio luze baten hasiera izatea espero dugu” adierazi du Duranak.

Nabarmentzekoa da ere erakusketaren bueltan bildutako partaide kopurua, Hego zein Ipar Euskal Herrikoak: instituzioak, artxibategiak, kultur eragileak, adituak, dantzariak, enpresak, artistak… Gasteizera ekartzeko erakusketak Vital Fundazioaren babesa izan du.

Gaur arratsaldeko 20:00etan inauguratuko da eta martxoaren 3ra arte egongo da ikusgai.  Erakusketaren testuinguruan bi ekintza osagarri antolatu dira. Otsailaren 6an Oier Araolaza dantzari eta antropologoak erakusketaren bisita gidatua egingo du. Bi aste beranduago, otsailaren 22an, berriz bueltatuko da, Gari Otamendirekin batera Korrotik pikutara: Euskal dantzaren historia bat dantzaren bidez kontatua izenburuko hitzaldi dantzatua eskaintzeko.

Erakusketaren ordutegia: Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara / Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara / Igandeetan: 11:00etatik 14:00etara

Dokumentuaren akzioak