Dokumentuaren akzioak
“Oskara” dantza ikuskizuna, Gasteizen
Gasteizeko Principal Antzokian, 20:30ean, Oskara dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango duzue gaur berton. Mitoak, tradizioak, ikurrak... sorreratik gaur egunera arte, kultura tradizionalaren eta abangoardistaren arteko ibilbide plastiko zirraragarri bat irudikatu du Kukai Dantza taldeak.
Oskara euskal kulturaren zenbait pasarte islatzen dituen instalazio lan bat da. Kukai Dantza taldearen azken lana Gasteizera helduko da, oraingo honetan La Veronal taldearekin batera. Oskara Marcos Morau (La Veronal) koreografoaren lana da, eta Jon Mayak (Kukai dantza) zuzendu du. Interpreteak Eneko Gil, Alain Maya, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Martxel Rodriguez dira. Eta ikuskizunean Erramun Martikorena abeslariak ere hartzen du parte.
Antolatzaileen arabera, “bi unibertso geografiko, bi begirada, desberdin elkartzen dituen ikuskizuna da: euskal kultura tradizionalean oinarritzen da sorkuntzarako abiapuntu gisa, baina aldi berean, abangoardiako artista garaikideen ikuspegitik sortutako lana da. Une batzuetan instalazio baten antzeko planteamendu eszenikoa duen Oskara lanak euskal kulturaren eta bere mitoen zenbait alderdi lantzen ditu, jatorritik gaur egunera arte, indarrez eta erakarpenez betetako sinboloetatik eta ikonografietatik ibilbide plastikoa eta emoziozkoa marraztuz”.
Dokumentuaren akzioak