Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Mugimenduak onura fisiko eta mental izugarriak dakartza”

Dokumentuaren akzioak

“Mugimenduak onura fisiko eta mental izugarriak dakartza”

Egilea
Jone Gartzia Gerra
Komunikabidea
Aiaraldea
Tokia
Laudio
Mota
Albistea
Data
2023/01/19
Lotura
Aiaraldea
Faktorian egin du egoitza artistikoa Paula Urquijo dantzariak. / Aiaraldea.eus

PAULA URQUIJO SERRANOk (Laudio, 1999) dantzari izateko ametsa bete du. Ez da bide xamur eta erraza, baina hartutako bidearekin pozik dago laudioarra. Egun Madrilen du bizitokia baina han eta hemen ibili ohi dela aitortu dio Aiaraldeari. Laudiora ‘Esperientziatik gorputzera’ ikastaroa ematera etorri dela aprobetxatu dugu elkarrizketa egiteko.

Zelan laburtuko zenuke zure ibilbidea dantzari moduan?

Laudion hasi nintzen balleta ikasten, Nuria eta Raquel dantza estudioan, 16 urte bete nituen arte. Orduan Madrilera joan nintzen kontserbatoriora. Bertan gradu profesionala egin nuen bi urtez eta gero Goi Mailako gradua, lau urte guztira. Dantza klasikoa egiten hasi nintzen baina, poliki-poliki, dantza garaikidea ezagutzen joan naiz.

Nizan ere egon zara praktiketan, ezta?

Bai, Nizako Operan egon nintzen produkzio pare batean. Orain dantzari profesionala naiz eta estatu mailan egiten dut lan, bereziki iparraldean. Nafarroan lan asko egin dut, Galizian ere, eta EAEn ikuskizunak egiten hasi gara.

Nolakoa da zure egunerokoa dantzari profesional gisa?

Astez aste oso desberdina da. Fisikoki ondo egon behar dudanez, klaseak jasotzen ditut eta sarri entrenatzen dut. Normalean Madrilen bizi naiz, baina ia ez naiz bertan egoten. Orain dela gutxi lau aste eman ditut Leonen beste produkzio batean, baina ez jarraian, joan-etorri egiten. Horrela bizi naiz, nonbait ekoizpen bat baldin badut, bertara joaten naiz entseatzera. Orain Laudion nago, Gabonak izan direlako eta bi ikastaro emango ditudalako hemen.

“Garrantzitsua da gure gorputzari eta buruari aukera ematea nahi bezala mugitzeko, adierazteko, inguruarekin erlazionatzeko...”

'Esperientziatik gorputzera' du izena ikastaroak, ezta? Zertan datza?

Parte hartzeko ez da dantzatzen jakin behar. Tailerra gorputza mugitzeko da, norberak nahi duen bezala. Nik proposatu nion Laudioko Berdintasun zailari, izan ere, mugimenduak onura fisiko eta mental izugarriak dakartza. Garrantzitsua da gure gorputzari eta buruari aukera ematea nahi bezala mugitzeko, adierazteko, inguruarekin erlazionatzeko... Nik Madrilen horrelako ikastaroak jaso ditut, dantzariak ez diren pertsonekin, eta ikusgarria da nolako irribarrearekin ateratzen ginen denok. Horregatik pentsatu nuen Laudion egitea polita izan litekeela.

Dantzari profesionala izateko, nola lortzen dituzu proiektuak?

Hautaketa prozesuetan hartzen dut parte, ahal dudan guztietan. Dantzari guztiok egiten dugu gauza bera: pila bat eskakizun bidaltzen ditugu leku guztietara. Hala ere, Espainiako estatuan dantzari moduan bizitzea nahiko zaila da, prekarioa delako, eta bizitzeko beste gauza batzuk egin behar ditugu.

Zerk hobetuko luke dantzari profesionalen bizi eta lan kalitatea?

Egonkortasunak, proiektuen bidez lan egin beharrean konpainia sendoagoak egoteak asko lagunduko luke. Alemanian, esaterako, hiri bakoitzean antzoki bat dago eta bertan dantza konpainia, opera konpainia eta musika orkestra izan ohi ditu. Imajinatu egoera hori hemen: Bilbon, Gasteizen, Logroñon, Santanderren... konpainia bana izango bagenu! Utopikoa da hori hemen gertatuko dela pentsatzea, estatuak diru pila bat jarri beharko luke eta badakigu hemen zer pisu duen kulturak.

Europan, zeintzuk dira herrialde eredugarriak zentzu horretan?

Esango nuke Alemania eredu garbia dela. Hor antzokira joateko kultura dago, antzerkia zein dantza ikustera. Hemen, ordea, tabernara joateko kultura dugu. Holandan eta Frantzian ere konpainia handiak daude.

Nafarroan lan asko egiten duzula aipatu duzu. Zertan, zehazki?

Orain iXa konpainiaren Aitzindariak ikuskizunarekin gaude. Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren barruko egonaldi artistiko batean sortu genuen. Horri esker zirkuituetan sartu ginen eta emanaldi asko egin ditugu. Nafarroan kultura zentro pila bat dago, baliabide oso onak dituzte.

“Laudio Institutuko ikasleekin mediazio saioak egin ditut Faktoriarekin batera. Mediazio kulturala hartu-eman bat da; artea erabiltzen da ideia batzuk lantzeko eta gizartera hurbiltzeko”

Eta zuk, zer lan dituzu eskuartean une honetan?

Leonen Nueva Producción* izeneko proiektu batean nago eta solo bat sortzen ari naiz. Uztailean egonaldi bat egin nuen Faktorian horretarako, baina oraindik work in progress dago. Ekainerako amaitzea gustatuko litzaidake, behintzat parte bat. 

Horrez gain, Laudio Institutuko ikasleekin mediazio saioak egin ditut Faktoriarekin batera. Mediazio kulturala hartu-eman bat da; artea erabiltzen da ideia batzuk lantzeko eta gizartera hurbiltzeko. 

Kasu honetan, nik ikasleei dantza egiten nuen eta haiek feedbacka ematen zidaten. Horrela, atzean dagoena ikusteko aukera izan zuen.  Oso interesgarria izan zen eta ikasleei asko gustatu zitzaien. 

Gurera etorrita, nola ikusten duzu Laudion kulturaren eta dantzaren egoera?

Uste dut bai Udala eta baita Faktoria ere kultura sustatzen saiatzen direla, baina jendeak ez du erantzuten. Komunikazioak ere ez du ondo funtzionatzen, askotan ni ez naiz programatzen diren kontuez enteratzen, eta nahiko adi egoten naiz. 

Azkenean gurpil zoro bat bihurtzen da: jendea ez denez enteratzen, ez da saioetara hurbiltzen eta, jenderik ez denez gerturatzen, programatzeari uzten zaio.  Kontrara, esango nuke euskal dantzak bai sustatzen direla, agian jai giroan ikustea ohikoagoa delako. Nolanahi ere, herrian dantzan hasteko aukerak daudela uste dut.

Eta oholtzak?

Une honetan ez daukagu gure lana erakusteko tokirik, Amurrion antzokia duten bezala, baina uste dut eraikitze prozesuan dagoela eta herriaren onerako laster amaitzea espero dut.

Orain Madrilen bizi zara; gustatuko litzaizuke beste toki batean bizitzea?

Atzerrira joatea gustatuko litzaidake, gutxienez probatzeko, baina ez dut asko pentsatzen, pentsatuz gero ez baita gertatuko. Ez dakit non egongo naizen hurrengo hilabetean; hainbeste eskaera bidaltzen ditut ezen bat-batean Txekiar Errepublikatik deituko didaten eta bertara joan beharko dudan! (barreak)

Dantza mundutik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Lehenik eta behin, ez nintzateke pertsona bera izango dantzatuko ez banu. Bestalde, gehien gustatzen zaidana saio bakoitza prestatzea da. Talde txikietan aritzen naizenez, prozesu guztia ikusten dut. Adibidez, berotzen dugun bitartean teknikoek eszenografia prestatzen dute. Lantaldean sortzen den giroa eta publikoaren aurrean dantzatzea da gehien gustatzen zaidana.

Zer ematen dizu dantzak?

Poztasuna, mugimenduak ondo sentiarazten nau, hori egin dut bizitza osoan. Duela gutxi gaixorik eta mugitu ezinik egon naiz eta goibelduta nengoen.

“Une honetan ez daukagu gure lana erakusteko tokirik, baina uste dut eraikitze prozesuan dagoela eta herriaren onerako laster amaitzea espero dut”

Eta zer ematen diozu zuk?

Sortzaile bezala, nire izaera ematen diot. Dantzari bakoitzak bere mugimendua, izaera eta indarra ditu.

Sakrifizio handia da dantzaz bizitzea?

Bada, bai. Askotan pentsatu izan dut ea zer gertatuko litzatekeen ‘pertsona normala’ izango banintz, lan ‘normal’ batekin. Baina, azkenaldian zera pentsatzen dut: “Eskerrak ez naizen pertsona ‘normal’ bat eta hainbeste disfrutatzen dudan gauza zehatz bat.  Askotan pasiorik ez duen jende asko ikusten dut. Sakrifizio handia da, baina irabazten dudana ere oso handia da.

Dokumentuaren akzioak