Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Metaforaz eta irudi poetikoz jantzia dagoen bidaia bat da”

Dokumentuaren akzioak

“Metaforaz eta irudi poetikoz jantzia dagoen bidaia bat da”

Marizaunka kolektiboa osatzen dute Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak. Dantzaren inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko elkartu ziren, eta erronka berriekin bigarren lana aurkeztu berri dute: ‘Erreka ondoan bi gezur’
Egilea
Jone Garzia Guerra
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2023/05/18
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Zer asmorekin?

N.G.: Desira indartsu batetik egiten dugu sortzaile lana eta uste dugu espazio hori ematea oso garrantzitsua dela artistikoki garatzeko eta gure burua ezagutzeko. Entzumen horretatik biok hazten gara artista eta pertsona bezala eta horrek motibatzen gaitu aurrera jarraitzera. Batek daki zer aterako den hemendik, gu momentuko gauzak egiten goaz, ez dugu proiekzio zehatzik.

Gurrutxaga eta Vesga dantzan.

Gurrutxaga eta Vesga dantzan. Aitor Arruti

2020an aurkeztu zenuten ‘Leiho zikin zeru garbi’. Zeintzuk dira bi lanen arteko desberdintasun nagusiak?

N.G.: Oraingoan beste diziplina batzuk arakatzeko interes handia genuen eta hori erronka bezala hartu genuen. Aurrekoan ere abestu genuen, baina, lanketa oso gorputzetik zetorren, nahiz eta kontzeptuala ere izan.

O.V.: Nahita hasi ginen ahotsarekin jolasten, idazketa automatikoa egiten...

Nolakoa izan da kasu honetan sormen prozesua?

O.V.: Oso aberasgarria. Lau hilabetetan egin dugu sormen guztia, konfiantza handia izan dugu prozesuan eta kanpo begiradak izan ditugu. Gure buruari leku ezberdinetara eramaten utzi diogu.

N.G.: Saiatu gara nor bere iritzi eta sentsazioetara gehiegi ez lotzen eta malgutasuna asko landu dugu. Onartzen dugu ez dugula zertan beti bat etorri behar.

Lantalde handiagoa dago zuen atzean, orduan.

O.V.: Bai, oso polita izan da prozesua, sentitu dugulako bat egin dutela gurekin eta oso eskuzabalak izan dira denak. Luz Gonzalezek egin du musika originala, Andoni Mendizabalek diseinatu du argiztapena, jantzitegian Valentina Azzati eta Lourdes Arruti egon dira eta Aitor Arrutik egin dizkigu argazkiak eta bideoak. Kanpo begiradarekin Ainara Gurrutxagak, Maria Ibarretxek eta Marti Güellek lagundu digute.

Apirilaren 20an estreinatu zenuten ‘Erreka ondoan bi gezur’ Hernanin. Nola bizi zenuten lehen saio hura?

N.G.: Ez genuen espektatiba handirik eta oso polita izan zen. Lasai eta gustura ibili ginen eta oso energia polita sortu zen.

O.V.: Piezan badaude ironia puntua duten atalak eta horiek publikoarekin probatzea subidoia izan zen. Pieza bizirik sentitzea, tenpoak nola aldatzen diren ikustea... Asko landu arren, inoiz ez dakigu nola joago den pieza zehazki publiko aurrean.

N.G.: Ikusleak ez ziren soilik dantza mundukoak eta adin guztietako jendea zegoen, baina denek konektatu zuten eta feedback polita eman ziguten.

Zer kontatzen du istorioak?

O.V.: Pertsonaia ezberdinak azaltzen doazen bidaia bat da. Hasi ginenean gezurraren eta egiaren ideia nahiko presente genuen eta kondaira baliatu genuen fikzioaren bidez pertsonaiak eraikitzeko. Gai desberdin inguruan hausnartzen dugu 50 minututan.

N.G.: Oso galdera zabalekin hasi ginen eta kondairaren testuingurua erabiltzeak lagundu zigun gure ikerketa estudioan eta praktikatik bideratzera. Kondairan errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasak daude, pertsonaiak ateratzen dira, denbora saltoak daude...

Nola irudikatu duzue bidaia hori?

N.G.: Prozesua idazketa automatikotik abiatu genuen eta hortik irudi eta testu oso poetikoak atera zitzaizkigun, logikatik oso kanpo zeudenak. Horrek guztiak balio izan digu paisaia osatzeko. Metaforaz eta irudi poetikoz jantzia dagoen bidaia bat da.

O.V.: Eszenografia bi aulkik soilik osatzen dute baina jantzitegi aldaketa asko dago eta hitzaren baliabideak ere laguntzen digu irudi hori sortzen.

Dokumentuaren akzioak