Dokumentuaren akzioak
“Maurizia” eta “Laboratorio Inocencia” koreografiak, Andoainen eta Irunen
Maurizia Aldeiturriaga Euskal Herriak eman duen emakume eredugarria izan zen. Lehen emakume panderojole izan zen eta bere panderoarekin plazarik plaza ibili zen, bere ahots eta izaera boteretsua lau haizeetara zabalduz.
Emakume hori abiapuntu hartuta, emakumeak bere baitan dituen alderdi ezberdinak (indartsua, ahula, aurpegirik gogorrena eta aurpegirik xamurrena, alderik argiena eta alderik ilunena,…) taularatuko ditu Aukera Dantza taldeak.
Ikusgarriaren ardatza panderoa izango da, eta horren bidez emakume hau eta gainerako emakume guztiak nabarmenduko dira.
Beste aldetik, Krego-Martín Danza konpainien Laboratorio Inocencia lanean, zoologo baten espazioan murgilduko da ikuslea. “Laborategira behar bezala ebatzi ez diren eta baztertuta geratuko diren esperimentuetako izakiak iristen dira beste laborategi batzuetatik. Forma anitzeko izaki hibridoen zirku bat gogorarazten duten muturreko kasu bitxiak dira. Elkarren artean beren emozioak partekatzeko premia handia duten izakiak dira, baita Inocenciarekin berarekin ere, azken horrek beren aukerak esploratzera animatzen baititu”.
Maurizia lana Bastero Kulturgunean izango da (Andoain), ostiralean, martxoak 17, 21:30ean, eta Laboratorio Inocencia, Amaia Kultur Zentroan (Irun), larunbatean, martxoak 18, 17:00ean.
Dokumentuaren akzioak