Dokumentuaren akzioak
“Martin Zalakain” ikuskizuna estreinatuko dute larunbatean Arriagan
Argia dantza konpainiaren proiektua da Martin Zalakain: Juan Antonio Urbeltzen koreografia, Ander Lipusen antzerkia eta Harkaitz Canoren hitzak dituen ikuskizuna sortu dute elkarrekin. Honatx sortzaileek zabaldu duten informazioa:
“Euskal dramaturgiak eskaintzen dituen fikziozko pertsonaien artean Zalakain hautatu dute, Pio Barojak nobelatu zuen huraxe bera eszenaratzen saiatzeko. Aurrerapauso bat da, gure herri dantzaren alorrean lehen aldiz gertatuko den erronka. Dantzariak eta musikariak Ander Lipus eta Harkaitz Canoren eskutik joango dira, literatura eta dramaturgia dantzakera pre-klasikoarekin batera konbinatuz, gure herri kulturaren arlo hau ulertzeko modu berri baten bila. Baina proposamena dantza eta antzerkia baino gehiago da, izan ere jokoa, musika, jantziak… adierazpen artistiko ugari erakutsiko dira taula gainetik, anbizio handiz, gainera. Izan ere, garai baten erretratu bikaina izan zen eta belaunaldi oso bat literaturara zaletzeko balio izan zuen Pio Barojaren nobela hura berreskuratu eta beste ertz batetik interpretatzeko proposamen paregabea da MARTIN ZALAKAIN.”
Argia konpainiaren ekarpena
Argia konpainiaren proiektua izaki, ahalegin berezia egin dute proposamen koreografikoetan:
“Argia konpainiak argumentu dramatikoarekin egindako dantzari heltzen dio lan honetan. Martin Zalakainek dantza-teknikan zehaztasuna, adierazpen dramatikoa eta emozio bidezko komunikazioa uztartuko ditu. Lana hezurmamitzeko inspirazio eta eduki iturriak anitzak eta aberatsak izan dira eta Europa osoan azken bost mendetan izandako dantzaren, antzerkiaren eta arte-draman dute oinarria. Baina era berean, ikuskizunean pausu berriak proposatuko dituzte, dantzaeraren ikusgarritasunean arreta jarrita. Dantzaren interpretazioa sei taldek burutuko dute, izan ere Donostiako Argia konpainiari beste bost batuko zaizkio eskenatoki gainean, zeintzuk eta Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Iruñeako Duguna, Miarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai.”
Antzerkia eta musika
Dantzariez gain, jakina, Ander Lipus aktorea izango da, On Pio maisuki antzeztuz, eta musikak ere berebiziko garrantzia izango du. Musikaren sorkuntza lanetan Marian Arregi eta Mikel Urbeltz izan dira eta biak ere taula gainean izango dira, beste hainbat musikarirekin batera. Hona musikariak: Marian Arregi (akordeoia), Mikel Urbeltz (arrabita), Arantzazu Mujika (arrabita), Maider Urbeltz (arpa), Dugunako Musikariak (txistua, haize tresnak eta perkusioa), Ezpelur (dultzaina) eta Plectro (soka tresnak).
Sinopsia
Martin Zalakain Urbia izeneko fikziozko herriko gazte euskalduna da. Mutil bihurria da. Ama hil ondoren, Migel Tellagorri zahar ostatuzaleak hezitzen du. Karlos Ohando herriko jauntxoa gorrotatzen du. Ohando Martinen arrebaren atzetik dabil eta honek engainatu ez dezan, Martinek bere laguna den Bautista Urbiderekin ezkontzea lortzen du. Senar-emazte berriak Zaro izeneko Iparraldeko udalerri batera bizitzera joango dira, baina gerora Bautista Martinekin batera abenturetan murgilduko dira.
Estreinaldiak
-Azaroak 11, 20:00: Bilbo, Arriaga (ikus HEMEN sarrerak eskuratzeko)
-Abenduak 16-17: Donostia, Victoria Eugenia.
-Urtarrilak 13: Iruñea, Baluarte.
-Otsailak 1-2: Baiona antzokia.
Dokumentuaren akzioak