Dokumentuaren akzioak
“Lau Eme” ikuskizuna Haatik Dantza Konpainiaren eskutik, igandean, Anoetan
Dantza ikuskizun berriak, “emakumeei ematen die ikusgarritasuna eta urteetan zehar haien ahalduntzea lortzeko bidean egin behar izan duten borroka agertu nahi du”, azaltzen du Aiert Beobide zuzendariak.
Zapalduak eta otzanak ziren garaiko emakumeek emango diote hasiera pieza honi baina pausuz pausu, eta borroka feministak historian zehar emandako aurrera pausoak erakutsi nahian, gaur egungo emakumearenganainoko bidaia egiten da obran.
Zuzeneko ahotsak, arretaz egindako mugimenduen bilaketak eta estetika sendo batek sentsazioez betetako lana izatea ahalbidetzen dute oholtzan, Irati Sorondo, Anne Jauregi, Nagore Zabala eta Amaiur Luluaga dantzariek.
2011.urtean sortua, Haatik Dantza Konpainia gipuzkoarrak euskara eta euskal kultura ditu bere nortasunaren oinarri. Bere sustraien eta bide berriagoen arteko zubiak eraikitzen ditu, dantzaren sorkuntza eta erakusketaz haratago, dantza gizartera hurbildu, eta arte eszenikoen sektoreko beharrak asetzeko helburuarekin. Bere ekoizpenik nabarmenena Dss2016-k abian jarritako Hormek diote proiektua izan zen, maila handiko artistekin aurrera eramandako kolaborazio proiektua. Bertan, Koldo Almandoz zinegilearen zuzendaritza artistikoaren gidaritzapean, bizikidetza eta elkarbizitzari buruzko hausnarketa sakona egin zuten.
Informazio gehiago, haatik.com web atarian duzue.
Dokumentuaren akzioak