Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Koreografia propioak dantzatzeko aukera izateak sekulako poza ematen dit”

Dokumentuaren akzioak

“Koreografia propioak dantzatzeko aukera izateak sekulako poza ematen dit”

Amaia Elizaran (Tolosa, 1992) dantzariak hitzordu bikoitza du asteburuan Durangaldean. Zapatuan Durangoko Uda Giron eta domekan Elorrioko Musikairen. 'Raw' eta 'Pool' ikuskizunekin egona da lehendik ere, Elorrion.
Egilea
Aritz Maldonado
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durangaldea
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/07/19
Lotura
Anboto

Zer da 'Block'?

Dantza garaikideko pieza bat da, kalean egiteko sortu zena. Ideia nagusia blokeoak dira, gorputz biren arteko blokeo fisikoak eta sortzen diren oztopoak. Emakume bik interpretatzen dugu, Leire Otamendik eta biok. Musika pieza honetarako, espezifikoki sortu zuen Lander Zalakainek (Belako).

Zelako harrera izan du?

Ona, esango nuke. Iazko maiatzean estreinatu genuenetik, 30 bider egiteko aukera izan dugu, eta ez genuen espero hainbeste bider dantzatzea. Hainbat jaialditatik pasatu gara, Fest´arts (Libourne), Cadences (Arcachon), Kalealdia (Bilbo), Kaldearte (Gasteiz), Mapas (Tenerife), Dantza Hirian (Donostia).... eta udan Durangon, Elorrion, Zumaian eta Irunen ibiliko gara. Abuztuan Belgikan egiteko aukera izango dugu, Ganten. 

Nola sortzen dituzu piezak? 

Ideia fisiko batetik hasten naiz, eta lan taldeagaz inprobisatu egiten dut gero. Bertatik ateratzen diren mugimenduekin osatzen dugu koreografia. Publikoaren interpretazioa irekia da. Ziurrenik, Block-en kasuan, blokeo fisikoak nabariak dira eta denek ikusiko dituzte, baina, gero, bakoitzak bere bizipen bategaz erlazionatuko ditu, egunerokoan aurkitzen diren oztopoekin, edo horiei aurre egiteko bilatzen diren modu desberdinekin. 

Karrikan plataformaren laguntza eduki duzu, ezta?

Laguntza izugarria izan zen! Alde batetik, sorkutzarako hiru espazio izan genituen: Dantzagunea (Errenteria), Mendi Zolan (Hendaia) eta Hameka (Luhuso). Bestetik, lehen aipatutako festibaletan parte hartzeko aukera eman ziguten.

Kanpoan aritu zara dantzan. Karrikaren moduko ekimenek laguntzen dizute Euskal Herrian ekoizten laguntzen?

Besteak beste, Londresen, Dublinen eta Madrilen ibili nintzen dantzan, eta ez nuen buruan etxera itzultzea. Baina, Raw egin nuenetik, hemen nabil. Lehenengo pieza izan zen, eta nahiko harrera ona izan zuen; beraz, hortik aurrera, Tolosara bueltatzea erabaki nuen. Orain, pieza berriaren sorkuntza prozesuan murgilduta gaude. Mar deituko da gure lehenengo pieza luzea. Urriaren 19an aurkeztuko dugu, Gazteszenan, Leire Otamendiren eta Xabier Zeberioren zuzeneko musikagaz batera. 

Aukeran, zer gurago duzu, pieza propioak sortzea ala besteenak dantzatzea? 

Ez dakit, biak gustatzen zaizkit. Koreografia propioak dantzatzeko aukera izateak sekulako poza ematen dit, baina beste koreografoentzat dantzatzea ere asko gustatzen zait. Hori bai, konpainia bakoitzaren atzean dagoen "ofizina lan" guztia izugarria da, eta, nire kasuan, neuk egiten dut dena: proiektua sortu, banaketa... eta ordu asko dira. Alde horretatik, beste koreografoentzat lan egiten dudanean, dantzaz gozatzen dut, eta kito! 

 

Dokumentuaren akzioak