Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Karrikan” dantza ikuskizuna izango da ostiralean

Dokumentuaren akzioak

“Karrikan” dantza ikuskizuna izango da ostiralean

Egilea
Koldo Carrillo
Komunikabidea
Mondraberri
Mota
Albistea
Data
2011/07/07
Lotura
Mondraberri

Ostiral honetan dantza ikuskizun eder batez gozatzeko aukera izango dute arrasatearrek Kukai Dantza Konpainia entzutetsuaren eskutik. Talde honek, Karrikan kale ikuskizuna aurkeztuko du, hain zuzen ere, Herriko plazan, arratsaldeko 20:00etan. Oraingoan, hiru koreograforekin kolaboratu du Kukai taldeak eta Karrikan proiektua hauen lanaren fusioa da, sei dantzari eta DJ batentzat egokitutako lana. Azpimarratzekoa da ere, Kukai Dantza Konpainiak maiatzean Leioan ospatutako Umore Azoka 2011 sariketan, euskal ikuskizunik onenaren saria jaso zuela.

Karrikan obra kolore ezberdinek osatzen dute eta estilo, erregistro eta lengoaia koreografiko anitzak erakusten ditu. Jon Maya dugu proiektu honen zuzendaria eta koreografoak, ostera, Damian Muñoz, Virginia Garcia (La Intrusa Danza), Pantxika Telleria eta Iker Gomez. Koreografo hauen lengoaien arteko fusioak ekarri du Karrikan proiektua, Sorbatza, Fight For Fandango eta Aupa Mutil piezek osatzen dutena.

Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena dira Karrikan ikuskizunean dantzariak eta zale eta adituek hauen trebetasun tekniko eta artistikoa azpimarratu dituzte. Bestalde, Zigor Lanprek DJ lanak egiten ditu obra honetan zehar. Kukai Dantza Konpainiak 2001. urtean ekin zion bere ibilbideari eta ordutik, hainbat sari eta aipamen berezi jaso ditu dantzari taldeak.

Euskal dantza tradizionala hartzen du Kukai Dantza Konpainiak oinarri moduan, baina beronen estilizazioarekin, lengoaia garaikide baten bilaketa islatzen dute ikuskizun ezberdinetan. Esanguratsuak dira Tanttaka Teatroarekin elkarlanean ekoiztutako Deiadarra (2001), 1937, gogoaren bidezidorretik (2002), Otehitzari Biraka (2005) eta Hnuy illa… (2008) ikuskizunak, Euskal Herrian arrakasta handia lortu zutenak. Euskal Herritik kanpo Argentinan, Txilen, Uruguain, Venezuelan, Estatu Batuetan, Kolonbian eta Erresuma Batuan aurkeztu ditu Kukai Dantza Konpainiak bere ikuskizunak. Tanttaka Teatroarekin batera egindako lanez gain, beste hainbat lankidetza ere burutu ditu taldeak.

 

595.1 (id: 7556705)

Argazkiak: Kukai Dantza Konpainia- 2011/07/06
595. (id: 7565755)

Kukai Dantza Konpainiako kideak.

Dokumentuaren akzioak