Kaleko arteen nazioarteko erakustaldiaren XVIII. edizioa, KaldeArte, ekainaren 7tik 9ra egingo da Gasteizen, eta horra, 31 konpainia joango dira 82 ikuskizun eskaintzeko.
Denetarik izango da egun horietan, malabareak, zirkoa, antzerkia, Europa osoan arrakasta duten piezak, eta euskal sorkuntzaren lagin eder bat, gainera, euskarazko ikuskizunek presentzia handiago izango dute.
Horren aurretik talde askok euren lanak erakutsiko dituzten arren, inaugurazio ofiziala ekainaren 7an izango da, 22:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan Les Filles du Renard Pâle frantziar konpainiak Résiste ikuskizuna egingo du. Zirku garaikidearen inguruko pieza da. Orekaria altuera handiko kable ezegonkor batean ibiliko da. Musikari bat izango du alboan, ondo finkatuta. Bakoitzak bere modura egingo du erresistentzia, borroka absurdo batean, askatasun-oihu modura. Johanne Humblet funanbuluak kablea, pendulua eta teknika berrasmatzea du xede, orekaren mugak eta zirkuaren kodeak aldatzeko.
Eta jaialdiaren itxiera igandean izango da, ekainak 9, 20:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan, Uparte konpainiaren Desprovisto piezarekin.
Emanaldi guztiez aparte aurtengo edizioan, Proyecto Larrua konpainiarekin elkarlanean antolatutako Gasteizko Hiriguneetako Dantza Garaikidearen I. Lehiaketa Koreografikoa egingo da: Harria.
Hortaz, hiru egunetan, Gasteiz kaleko antzerkiz beteko da makina bat emanaldirekin, KaldeArte jaialdiari esker.