Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Guztiz maiteminduta nago dantzarekin, erabat”

Dokumentuaren akzioak

“Guztiz maiteminduta nago dantzarekin, erabat”

Big Dance mugimenduarekin bat egingo du Donostiak, aurtengo Olatu Talka jaialdiaren barnean; eskaini beharreko koreografia ikasi dute jada hiriko hainbat irakaslek.

Egilea
Estitxu Zabala
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/03/11
Lotura
Irutxuloko Hitza

Maria Zulueta; dantza irakaslea.

Munduko koreografia handienean parte hartuko dute hainbat donostiarrek. Guztira, 50 herrialdetan 100.000 lagun inguru arituko dira dantzan, maiatzaren 20an, 13:00etan (herrialde bakoitzeko orduan). Viktoria Eugeniako Dantza Aretoan egon ziren joan den ostiralean, hamabost irakasle inguru, hiru minutuko koreografia ikasten, ikuskizunaren arduradunekin. Orain, irakasleen txanda da, eta horietako batekin egon da Irutxuloko Hitza: Maria Zulueta (Antigua, 1981).

Aspalditik zabiltza dantzaren munduan?
Hamar urte daramatzat dantza garaikidea egiten; eta azken hiru urteetan, klasikoan ibili naiz. Profesionalki ez naiz honetan aritzen; guztiz maiteminduta nago dantzarekin, erabat. Aurten, gainera, helduen talde bati dantza garaikide eskolak ematen hasi naiz, Igeldoko Undermount kultura elkartean.

Aurtengoa da orduan zure lehen esperientzia irakasle gisa. Zer moduzkoa izaten ari da?
Oso ona. Taldea guztiz motibatuta dago, eta grinaz beteta. Sekulako energia eta indarra dute talde gisa; gehienbat beraiek izan dira hau egitera bultzatu nautenak. Bi arrazoi nagusi izan ditut hau egiteko. Batetik, gogoa dudalako Undermounten elkarrekin egiten ari garen lana islatua ikusteko, koreografia honen bidez, herritarren aurrean. Bestetik, Big Dance-eko koreografia enkargatu dioten koreografo britainiarraren jarraitzaile sutsua naizelako, Akram Khan.

Ezagutzen zenuen aurretik Big Dance mugimendua?
Ez nuen ezagutzen. Olatu Talkak egindako proposamenaren bidez ezagutu nuen. Koreografoaren ikuskizun eta pieza asko ikusi ditut, baina Big Dance ez nuen ezagutzen. Orain badakit bi urtetik behin egiten dutela, eta Londresko Udalak eta bertako Pro Dance elkarteak bultzatzen duela.

Nolakoa izan zen entsegua?
Entrenamendu fisiko handia eta oso gogorra egin genuen. Beroketa oso gogorra izan zen, eta koreografia ikasten aritu ginen. Asko gustatu zitzaidan koreografian nola sartu gintuzten; beroketan bertan aukera izan genuen koreografia nolakoa izango den ikusteko, hainbat mugimenduren bidez. Batzuk gure artean ezagutzen ginen, beste batzuk ez, eta oso ongi moldatu ginen. Talde energia asko egon zen; azkarra eta trinkoa izan zen, baina, aldi berean, oso barrukoa.

Zer iruditu zaizu koreografia?
Izugarri gustatu zait. Mugimendua oso mantsoa da, barrutik ateratzen da, eta aukera handia ematen du barneratu eta zurea egiteko.

Nola deskribatuko zenuke?
Niri, bereziki, oso espirituala iruditu zait; lotura oso handia dago lurra, zerua eta bakoitzaren energiaren artean. Barneratu eta barrutik datorkizun zerbait bezala kanporatu beharra dago. Txorien mugimendu asko ditu, eta besoak mugitzen ditugu bereziki. Eraketa oso itxi batetik hasten gara, denak oso elkarrekin, eta zabalduta bukatzen dugu, gure identitatearen berri emanez.

Irakasteko erraza izango da?
Bai. Momentu oso biziak daude, oso barneratuak eduki beharreko zenbaketekin, baina ez dira mugimendu zailak.

Donostian dantza ikasitako guztiak elkartu egingo zarete Olatu Talkaren egunean, ezta?
Bai, talde eta akademia bakoitzeko kide guztiak espazio ireki berean elkartuko gara, elkarrekin dantzatzeko. Berezitasuna da, koreografiaren baitan, irakasle bakoitzak pertsonalizatzeko aukera izango duela. Saiatuko gara ahalik eta jende gehienarengana zabaltzen, ikasleak edo parte hartu nahi dutenak.

Edonork parte har dezake orduan?
Irisgarria da nahi duenarentzat, aurretik dantzaren inguruko ezagupenik izan gabe. Kontua da, aurretik koreografia ikasi beharra dagoela; horregatik, aurretik eskolen bidez edo Interneteko tutorialen bidez ikasi duten irakasleekin aritu direnak izango dira gehienak.

Maria Zulueta, Big Dance

(Argazkia: Estitxu Zabala)

Dokumentuaren akzioak