Datorren igandean, urriaren 18an, 19:30ean, eta Dantzaren XVI. Zirkuituaren barruan, Villabonako Gurea Antzokian oholtzaratuko da Miren Amuriza eta Askoa Etxebarrieta La pulga dantzaria biltzen dituen Gorria izeneko ikusgarria,
Miren Amurizaren hitzek ondo azaltzen dute zertan den proposamen artistikoa: “Gorria ez da bertsolaritzaren eta flamenkoaren arteko fusioa; ez gara elkarren moldeak imitatzen saiatuko, ezpada nork geure diziplina modu malgu eta libreago batean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen. Bertsolari baten eta bailaora baten arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza da Gorria, esperimentazio gune bat; elementu estilistiko eta tematikoak trukatuta, estetika propio bat sortzeko saiakera (testuetan eta koreografietan bezainbat, jantzietan, musikan edota eszenografian erakutsi nahi genukeena). Ez dugu ezer berririk asmatu, bai zerbait oso geurea; intimista, intuitiboa, erraietakoa… Gorria. Jasotzeko prest dagoen edozein ikus-entzulerentzakoa”.
Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrietak Lanku beka jaso zuten 2018an, Tan takatan izeneko proiektuarekin. Kopla eta flamenkoa uztartu nahi zituzten proiektu horretan. Bekari esker, Gorria proiektua garatzeko aukera izan zuten; bertsolaritzarekin lotutako ikuskizun berriak sortzaileen arteko elkarlana sustatzea du helburu.