Hainbat konpainia bildu ditu dFERIA ekimenak Victoria Eugenia Antzokian gaur, Eszena Dantz proposamenaren bidez.
Guztira, hiru dantza pieza eskainiko dituzte hainbat sortzailek. Lehena, OUT. Amaia Elizaran da zuzendaria eta dantzaria, eta zuzeneko musika Xabier Zeberiok jarriko du. “Dena ura da. Isila, irmoa, estugarria, inguratzailea. Fisikak bere lana egiten duen arte. Orduan gainazaleko tentsioa hautsi eta erupzio likidoa iristen da. Askatasunak bere bidea bilatzen du eta larritasuna desagertzen da. Aireak birikak betetzen ditu. Aske. OUT”.
Bigarren proposamena, Gorpuztu Laburra da. Eva Guerreroren sorkuntzan Garazi Lopez de Armentiak egingo du dantza, eta musika Nerea Alberdik, Carla Sevillak, Yolanda Bustillok eta Cristina Samaniegok jarriko dute. Gorpuztu laburra dantza garaikideko ikuskizun bat da, “kalerako edo leku jakin baterako pentsatua, eta orekaren bilaketaz ari dena. Lasai egoteko borroka da, zarata isiltzeko, zama eta errua arintzeko, animaliak lo lasai egingo duen leku bat aurkitzeko”.
Azken piezaren izena Emakumeak da. Ion Estalaren zuzendaritzapean, Myriam Perez Cazabonek eta Jone Amezagak antzeztuko dute.
Node konpainiak El Salvadorren abortu delitua egotzita espetxeratu dituzten emakumeak gogoratu eta omentzeko sortu duen proiektua da Emakumeak. Dantza garaikideko pieza hainbat diziplinek osatzen duten proiektuaren parte da. Emakumeak izena du proiektuak eta dokumental baten, eleberri grafiko baten eta dantza-pieza baten bidez El Salvadorreko emakumeek konplikazio obstetrikoengatik jasaten duten zigorra agerian utzi nahi dute. El Salvadorrek bere Zigor Kodea erreformatu zuen, abortua legez kanpo uzteko 2 eta 8 urte bitarteko espetxe-zigorrekin eta haurdunaldia borondatez eteten den kasuetan, emakumeei 30 eta 40 urte arteko kartzela-zigorra ezartzen zaie. Emakumeak proiektuak emakume horietako batzuen istorioa kontatzen du.