Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Erreleboa hartzeko prest gaude, baina asko dugu ikasteko oraindik”

Dokumentuaren akzioak

“Erreleboa hartzeko prest gaude, baina asko dugu ikasteko oraindik”

Aitte San Migel jai batzordeko kide berriak dira Amaia, Garazi, Irati eta Maitane. Lanpetuta ibili dira irailean, baina pozik, eta herritarrak jai batzordean parte hartzera animatu gura dituzte. Beti dago-eta zer egin, zertan lagundu.
Egilea
Aitziber Basauri
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Iurreta
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/09/28
Lotura
Anboto

Errelebo berria zarete.
Maitane Totorika (1999): Bai, baina hasi baino ez gara egin. Ez nekien horrenbeste lan egiten zenik jaiak antolatzen. Lan piloa egin dugu. Irailean egunero ibili gara jaiekin lotutako zerbait egiten.
Amaia (Elizaran 2000): Erreleboa hartzeko prest gaude, baina asko dugu ikasteko oraindik. Helduak ikusi ditugu horretan beti, geure burua gazte ikusten genuen, eta oraindik ere hainbat gauzetan ezjakinak garen arren, saiatzen gara laguntzen. Gure iritzia ematen dugu. Ekitaldi berriak sartzen ere saiatu gara.

Jaien antolakuntzan parte hartzen dute iurretarrek? Jai batzordea indartzeko, parte hartzera deitu zuten apirilean.
Amaia: Herritar askok laguntzen dute jaiak antolatzen. Baina beste batzuek jakin ere ez dakite jaiak antolatzen lagundu dezaketela. Maitane eta biok ez ginen jai batzordearen lehenengo deialdira joan, baina, gero, parte hartzeko premia ikusi genuen. Gazte Asanbladan ere bagabiltza eta aukera ona da jai batzordean zein sanmigeletan gure kezka edo proposamenak  aurkezteko.

Irati eta Garazi, familiatik datorkizue jaiak antolatzea. Nola heldu diozue lanari?
Irati Otadui: Errespetuagaz eta gogoagaz hartu dugu jaien antolakuntza. Aita ibilitakoa da jai batzordean, bai.
Garazi Areitio: Orain urte asko aitita ibili zen. Gero, ama ere bai, eta orain neu hasi naiz. Gogoz hartu dut.

Leku askotan desagertu dira jai batzordeak. Iurretan gertatuko da horrelakorik?
Maitane: Ez, horretarako gaude gu.
Irati: Ez. Gauzak ondo irteteko, lana egin behar da, antolatu.
Amaia: Dugun ilusioa ez dut uste desagertuko denik. Jai batzorde herrikoia izatea garrantzitsua da, herritarrek euren ideia eta ekarpenak azaltzeko aukera dute.

Zer dute berezia sanmigelek?
Garazi: Herriko jaiak beti dira bereziak. Aurten, gainera, egindako lanaren emaitza ikusiko dugu.
Irati: Plazara etorri eta Doniel Atxa ikustea gustatzen zait niri.  
Maitane: Sentimentu piloa da. Aurten, hainbeste lan egin ostean, emaitza ikustea berezia izango da.
Amaia: Plaza herritarron topagune  bihurtzen dela ikustea gustatzen zait, eta herri bazkarietan sortzen diren harremanak.

Nola disfrutatuko dituzue jaiak?
Amaia: Gogor lanean eta tentsio handiagaz. Herri bazkaria, Gazte Eguna eta Mozorro Eguna gozatuko ditut bereziki
Maitane: Gaugiroa ere aprobetxatuko dugu, apur bat.
Irati: Plazako giroa ere bai.
Garazi: Musikaz, Mozorro Egunaz... gozatuko dugu. Jaiak antolatzea eta ekitaldietan parte hartzea lagungarriak dira jaiez gozatzeko.  

Zer eskatuko zenukete?
Amaia: Gure lana errespetatzea, ondo pasatzea eta norbere burua errespetatzea.
Garazi: Bai, eta erasorik ez egotea.
Maitane: Gozatzea, urtean behin dira eta.
Irati: Ondo pasatzea, eta istripurik eta erasorik ez egotea.

Amaia, Maitane eta Irati, Dantzari Dantza egingo duzue aurten. Zein sentsazio duzue?
Amaia: Inpresio apur bat ematen du. Halako errespetu bat ere bai, jendearen erantzunagatik edo. Baina sanmigeletan plazara dantzara irteteak beti ematen du errespetua. Neskok Dantzari Dantza egiteagatik ez dugu uste ezer apurtzen ari garenik; dantzan ez egitea litzateke apurtzea.
Irati: Hala da. Oromiñon eta Bakixan egin izan dugu aurretik, baina jende gutxiago egoten da. Zirrara handia sortzen dit herriko plazan sartu eta jendez beteta ikusteak.

 

“Erreleboa hartzeko prest gaude, baina asko dugu ikasteko oraindik”

Dokumentuaren akzioak