Gaur, abenduak 17, Azpeitiako Dinamo Sormen Gunean, eta Katapulta ekimenaren barnean, bi hitzordu izango dituzue dantzaz gozatzeko: Node konpainiak Emakumeak dantza-pieza eta Proyecto Ghu konpainiak Ghu dantza-pieza oholtzaratuko dute.
Node konpainiak El Salvadorren abortu delitua egotzita espetxeratu dituzten emakumeak gogoratu eta omentzeko sortu duen proiektua da Emakumeak. Dantza garaikideko pieza hainbat diziplinek osatzen duten proiektuaren parte da. Emakumeak izena du proiektuak eta dokumental baten, eleberri grafiko baten eta dantza-pieza baten bidez El Salvadorreko emakumeek konplikazio obstetrikoengatik jasaten duten zigorra agerian utzi nahi dute.
El Salvadorrek bere Zigor Kodea erreformatu zuen, abortua legez kanpo uzteko 2 eta 8 urte bitarteko espetxe-zigorrekin eta haurdunaldia borondatez eteten den kasuetan, emakumeei 30 eta 40 urte arteko kartzela-zigorra ezartzen zaie. Emakumeak proiektuak emakume horietako batzuen istorioa kontatzen du. Parte hartzen duten antzezleak, Myriam Perez Cazabon eta Jone Amezaga dira.
Beste aldetik, Ghu piezak “zu eta nire artean (GU-re artean), bada ikusten ez dugun zerbait (H-a): hurbiltzen gaituena eta bereizten gaituena, erakartzen gaituena eta uxatzen gaituena. Gure kontrola gainditzen duen mugimendua da, eta guztiari lotuta dago, gure zentzumenek lor dezaketenetik harago. Dantza lan hau bidaia txiki bat da gorputz biziaren ikuspegitik, indar ikusezin, ustekabeko eta saihestezinek erakarriz dantzatzen duena”. Bertan arituko dira Sirah Badiola eta Ikerne Mendieta.