Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantzarientzat egun handia da ‘Urnieta dantzan’ ekimena”

Dokumentuaren akzioak

“Dantzarientzat egun handia da ‘Urnieta dantzan’ ekimena”

Egilea
Alba Cabrera Jauregi
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Urnieta
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/06/01
Lotura
Aiurri

XVII. “Urnieta dantzan” ekimena antolatu du Egape Dantza Taldeak asteburu honetan, Gazte Festetan. Usurbilgo dantza taldeko kideek ere parte hartuko dute.

Hemen dira Gazte Festak, azken orduan iragarri badituzte ere. Hala, askotariko hitzorduz jositako egitarau oparoa osatu dute herriko eragileek, tartean, Egape Dantza Taldeak. XVII. “Urnieta dantzan” ekimena egingo dute, urtero legez. Elkarteko kide dira Leire Ibarbia Aburuza eta Ana Gabilondo Balda, antolaketan, buru-belarri.

Urnieta Dantzan” hitzorduak presentzia berezia hartzen du beti Gazte Festetan. Nola bizi duzue zuek barrutik?

Leire Ibarbia Aburuza: Topera. Aurten, gainera, aldaketa asko daude, besteak beste, Plazido Mujika obretan dagoelako. Orduan, ,Egape Ikastolan egingo da, futbol zelaian. Egitura aldatu behar izan dugu, baita zenbait baimen eskatu ere. Ohituta geunden Plazido Muxikan egiten, eserleku gehiago daude, gainera. Bestalde, ekainean izango dugu, era berean, ikasturte amaierako emanaldi nagusia. Elkarren oso gertu daude datak, hauteskundeengatik atzeratu egin direlako Gazte Festak.

Ana Gabilondo Balda: Koordinazio handia eskatzen du egunak, dantzari-talde bakoitzak txistulariak behar ditu, antolatzaileak behar ditu. Lehen, herri osoko txoko askotan sakabanatuta egiten ziren dantzak. Orain, aldiz, Idiazabal kalean barrena. Politagoa gelditzen da horrela, eta errazagoa da ikus-entzuleentzat emanaldi guztiak ikustea. Horrek guztiak, ordea, lana dakar.

L.I.A.: Eguraldi ona egitea espero dugu. Bestela, Udal Kiroldegian izango da ekitaldia. Egia da ia bi hamarkadako ibilbidean, birritan egin digula, soilik, eguraldi kaskarra. Hortaz, espero dugu, eguzkia ateratzea eta bero handiegirik ez egitea. Izan ere, Egape Ikastolako futbol zelaian ez dago itzalik, kasik.

Zenbat pertsona zaudete lanean horrelako ekimen bat koordinatzeko?

L.I.A.: Finean, sei pertsona gaude. Jende gehiago dago batzordean apuntatuta, baina lana, bere horretan, sei bat kidek egiten dugu. Oso kopuru txikia da hori. Arduradun berriak behar dira.

A.G.B: Errazenera jotzeko ohitura daukagu beti, "aeten batek egingo du". Oso ekitaldi ederra da, baina hori ondo antolatu beharra dago eta lan handia da: bolondresak, musika, arropa, dantzak koordinatzea... Nork bere bizitza pertsonala du, gainera.

L.I.A.: Eta pena emango lidake umeek ikasturte osoan egiten duten lana herriaren aurrean ezin aurkeztea. Oso aberasgarria da herri txiki batean horrenbeste dantzari egotea: euskal kultura eta euskara zabaltzen dugu eta inportantea da.

A.G.B: Dantzarientzat egun handia da "Urnieta dantzan" ekimena, ikasturte osoan egindako lana erakusteko aukera izaten dutelako. Eskolaz kanpoko jarduera da haur eta nerabeentzat euskal dantza, baina konpromezu maila handia erakusten dute.

L.I.A.: Edu Muruamendiaraz, irakaslea, koreografoa da. Hala, nire ustez, beste ikuspuntu puntu batetik erreparatzen die klaseei. Txikitatik, diziplina transmititzen die dantzariei, baita helduon kasuan ere. Hori horrela, txukun-txukunak izan ohi dira Egape Dantza Taldearen jendaurreko ikuskizunak.

A.G.B: Koreografiak, gainera, oso berritzaileak dira, bai mugimendu aldetik, bai musika aldetik. Dantzariek aukeratzen dituzte kantuak, eta dantzak ere, adin batetik aurrera, beraiek diseinatzen dituzte, Eduren gidaritzapean.

L.I.A.: Horixe da bere esentzia, beste gauza batzuen artean, autonomia ematen digu dantzarioi.

Haur, gazte eta heldu. Zenbat dantzari aterako zarete guztira?

L.I.A.: Guztira, Egape Dantza Taldeko 196 kidek hartuko dugu parte egun horretan. Lau, bost eta sei urtekoek San Juan plazan egingo dute emanaldia, 11.45ean. Amaitzean, Yurramendi kalea gurutzatuta, Idiazabal zeharkatuko dute trikitilarien laguntzaz, Egape Ikastolara iristeraino. Hala, LH 2. mailatik aurrera, 11:00etan bilduko gara Egape Ikastolan, Idiazabal kalera joateko. Bertan, bost gune egongo dira, Guriatik hasi eta Xauxar tabernara bitarte. Esparru bakoitzeko, bi talde egongo dira. Hala, guztiak batera hasiko gara dantzan, 11:30ean. 12:30ean, ikastolara joango gara, emanaldi nagusia egiteko. Hasieran eta bukeran, bi pieza dantzatuko ditugu guztiek batera, eta nork bere dantza egingo du, tartean. Bukatzeko frontoian, bazkaria egingo dugu.

Urnietarrez gain, dantzari usurbildarrak ere gonbidatu dituzue.

L.I.A.: Beti gonbidatzen dugu elkar, azken urteetan. Oso talde jatorra dute, eta ederki moldatzen gara.

Gazte Festetako egitarauan, ekitaldi askotan ikus daiteke Egape Dantza Taldea.

L.I.A.: Hori da, bai. Ostiralean, txupinazoan hartuko dute parte bi taldek, 15-16 urte bitartekoek. Bestalde, ekainaren 4an ere izango gara, Txanbolin Txistulari Bandaren ekitaldian, LH 5-eko dantzariekin.

Horrenbestez, buruhausteak buruhauste, aisialdi giroan oraindik indartsu mantentzen den herri-eragilea zarete.

A.G.B: Dantza beti egoten da tartean herriko egun berezietan. Eta jendeak gurekin kontatzen du horretarako: festetan, jaunartzeetan, omenaldietan…

L.I.A.: Oso lotuta dago herriarekin Egape Dantza Taldea. Dantzaren munduan dabilen jendeak Egape Dantza Taldeagatik eta Edu Muruamendiarazengatik ezagutzen du Urnieta. Eta hori, gurea bezalako herri txiki batentzat, inportantea da.

A.G.B: Urnieta, Edu Muruamendiaraz eta Egape Dantza Taldea. Ekipo bat gara. 

Dokumentuaren akzioak