Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantzari harrobi itzela dugu Mañarian, eta eutsi egin behar diogu horri”

Dokumentuaren akzioak

“Dantzari harrobi itzela dugu Mañarian, eta eutsi egin behar diogu horri”

Augusto Alvesek (Mañaria, 1968) Dantzari Dantza erakusten du Mañarian. Maialenek, Igonek eta hirurek Andra Mari dantza taldean dihardute erakusten. Orain, neska-mutilak nahastuta, dantza mistoak egitea gura dute, generoa kontuan hartu barik, “tabuak apurtuz”. Jatorri portugaldarra du, baina Mañarian hazitakoa da Augusto.
Egilea
Aitziber Basauri
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Mañaria
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/07/14
Lotura
Anboto

“Dantzari harrobi itzela dugu Mañarian, eta eutsi egin behar diogu horri”

Nesken ezpatadantzari taldeak zure pazientzia eskertu dizu. Pazientziaz erakutsi behar izan duzu?
Ez horixe! Oso gustura nabil eurekin. Neska zein mutil, dantzan gogoz egitea da kontua. Gainera, eurei erakutsi baino gehiago, ikasi egin dut eurekin, postu guztietan dantzatzen ikasi dut eta. Talde itzela da!

Urtarrilean hasi zineten entseguekin, eta maiatzean irten ziren plazara.
Bai. Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean parte hartzea zen gure nahia, baina ezin izan genuen. Hala ere, hurrengoa Mañarian egitea proposatuko dugu, Guraso Elkarteak bultzatutako dantza taldeak 35 urte beteko dituela aprobetxatuta. Neskek eta mutiko nagusien taldeak dantzatzeko aukera izango lukete. Antzeko denboran ikasi dute talde biek, eta lehia osasuntsua ere egon da euren artean (barrez).

Ondo altxatzen duzue puntapioa Mañarian?
Bai, noski! Gehien kostatzen dena da hori. Puntapioa ondo altxatzea da kontua, ez besterik barik hanka goratzea. Neskek, eta ez neskak direlako, puntapio politagoa dute, finagoa. 

Dantzaria ere izan zara oraintsu arte…
Bai. Bost urtegaz hasi nintzen. Gorosperi ere egin genion dantzan Nazioarteko Sari Nagusia irabazi zuenean. Iaz utzi nuen, pena handiagaz, belauneko lesio bategatik. Semeak ere dantzan egiten zuen, baina jende faltagatik desegin egin zen taldea; gainera, gazteei lekua uzi behar zaie. Dantzarako tradizio handia du Mañariak. Durangaldeko banderarik zaharrena du, gainera.

Badago harrobirik?
Dantzari harrobi itzela dugu. Azken irteeran, 42 ume joan ziren Abadiñoko Umeen Euskal Jaira. Harrobi horri eutsi egin behar diogu. Horretarako, umeek ondo pasatzea oso garrantzitsua da. 

Portugaldar bat euskal dantzak erakusten...
Esan izan didate, bai! Dena dela, bost urtegaz etorri nintzen Mañarira, familiagaz. Gehiago naiz hemengoa,  Portugalekoa baino.

Zeintzuk dira Mañaria lako herri txiki batean bizitzearen abantailak?
Familia baten modukoak gara eta hemen ez zara aspertzen. Guri pena eman zigun Durangora joateak. Hemen naturalagoa eta familiarragoa da dena. Ume guztiak batera dabiltza. Hemengo Guraso Elkartea ere itzela da.

Dokumentuaren akzioak