XVI. Dantza Zirkuituak Bilakak euskal dantza tradizionala aztertzen duen Saioak koreografia aurkeztuko du Hondarribian. Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean eskainiko dute koreografia gaur, abenduak 4, 19:00etan. Bilaka Kolektiboak bere Saio Zero aurreko ikuskizunetik hartutako partiturak etengabe gurutzatuz, irauliz eta etengabe berreginez osatu du obra hori, eta mundu garaikidean irauten duen euskal dantza tradizionalaren inguruko azterketari jarraipena ematen dio Saioak koreografiak. Bertako dantzariak Ioritz Galarraga, Cybèle Damestoy, Oihan Indart eta Arthur Barat dira.
Hitzordu horretaz gain, beste bi proposamen ondu ditu ekimenak egunotan. Hala, Adriana Bilbao Burdina/Hierro izeneko lana erakutsiko du Zornotza Aretoan, gaur, 19:00etan. Ikuskizunean bat egiten dute musikak eta dantzak, flamenkoko paloek, euskal ahozko tradizioaren berrikuspenak eta horren alderdirik performatiboenek. Meatzaritzaren eta industriaren testuingurua du koreografiak, eta meategia da aukeratutako lotura, flamenkoaren barruko meatzaritza-kultura oso garrantzitsua baita. Langilearen figura aintzatetsi nahi da.
Eta bihar, abenduak 5, eta Sopelako Kurtzio Kultur Etxean Aukeran konpainiak Biz-Hitza lana eskainiko du. Ikuskizun honek munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez. Xabi Paya kulturgileak gidoia idatzi eta Aukeran taldeak koreografiak sortu ditu.