Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantza tradizionalak berreskuratu nahi ditut, berriak dira gaztetxoentzat eta zaharranek ere gozatuko dute ikusiz”

Dokumentuaren akzioak

“Dantza tradizionalak berreskuratu nahi ditut, berriak dira gaztetxoentzat eta zaharranek ere gozatuko dute ikusiz”

Bost urte baino ez zituela hasi zen Josette Daramy (Bakersfield, 1979) Kern County Basque Club-arekin dantzan, baina unibertsitate urteak helduta, utzi behar izan zuen. Orain, hogei urte geroago, bueltan da. “Dantzak irakasteari utzi egin zion Kristie-k (Onaindia) eta arazoak zituen Klubak ordezko bat bilatzen, nik esan nien irakatsi nituela aspaldi eta berriz ere egin nezakeela”, azaldu dio EuskalKultura.com-i.
Egilea
Ander Egiluz Beramendi
Komunikabidea
Euskalkultura
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/02/01
Lotura
Euskalkultura

Behin bizikletaz ikasten duzunean sekula ahazten ez duzula esan ohi da. Gauza bera gertatzen da dantza irakasteko orduan?

-Ikusiko, baina hala espero dut (barre egiten du). Duela hogei urte eman nituen dantza eskolak, unibertsitatera joan arte. Kristiek (Onaindia) dantzak irakasteari utzi zionean Maria-k (Toretta) eta Suzy-k (Iturriria-Alexander) arazoak zituzten ordezko bat topatzen, nik esan nien irakatsi nituela aspaldi eta nire alaba Noelle eta Juliette eskoletara eraman behar nituenez nahi bazuten berriz ere egin nezakeela.

Ilusioz ekin diozu?

-Bai horixe. Bere garaian nirekin dantzatu eta dantzak ikasi zituzten hainbat neskekin batu naiz, eskolak nola eman gogoratzen saiatzeko. Barreak egin ditugu oroitzapenekin. Pixka bat desberdin egiten saiatuko gara. Piknikean bere kasa dantzatu ahalko dituzten dantzak irakatsi nahi dizkiegu haurrei. Askok ez dakizkite ez jota, ez fandangoa, arin-arina, kalejira, karnabala... Nire helburua dantza tradizionalak berreskuratzea da eta, nagusitzen direnean, horiek dantzatzen ibili ahal izatea.

Urteroko piknika baino garrantzitsuagoa da zuretzat umeek gozatzea dantzarekin...

-Bai. Piknikean gauera arte geratzea nahi dut, musika entzun eta dantzatzea. Dantzarekin gozatzea nahi dut, dauden herrian daudela, Bakersfield, Chino, Euskal Herrian...

John Goyenetche eta beste irakasleen aldetik gidaritzarik izaten ari zara?

-John-ek ez dit enbarazu egin nahi. Behar dudan musika emango didala esan dit eta eskatu diot zerbait. Baina Jeannette Erassarret-ekin ere egin dut berba. 80. hamarkadan egiten genuen jota txapelketa antolatu nahi dugu eta berak jota modu berezi batean jotzen du, beste inon topatu ahal izan ez dudana. Horregatik grabatu egingo diot entsaioetarako eta, piknikean, zuzenean jotzeko eskatuko diot.

Bost urterekin hasi zinen dantzan, gero irakastera igaro zinen, gero utzi eta orain bueltan egin zara. Asko aldatu dira gauzak eta moduak, John-ek, adibidez, tableta erabiltzen du bere eskoletan...

-Hala da, asko aldatu dira gauzak baina niri tradizioa gustatzen zait. Badago bere biloba eskoletara ekartzen duen emakume bat, Euskal Herrikoa, han bizi zenean dantzaria zena, eta berari galdetzea gustatzen zait. Modu tradizionalak berreskuratzea ere ona da, umeentzat dantza horiek berriak dira eta zaharragoak direnek ere gozatua hartzen dute ikusita.

Hurrengo urtean ere eskolak emateko prest zaude, ala beste norbait topatu arte baino ez duzu segituko?

-Aurten egingo nuela esan nuen, gero ikusiko, baina ustea daukat hurrengo urtean ere egin beharko dudala, beste inor animatzen ez bada behintzat. Edozelan ere, neure haurrek ez banaute hemen ikusi nahi kaleratu nautela esan ahalko dut (barre egin du).

Hogei urteren ostean bueltan da Josette Daramy, Kern County Basque Club-eko haur eta gazteen euskal dantza irakasle gisa (Argazkia: J.D.)
Hogei urteren ostean bueltan da Josette Daramy, Kern County Basque Club-eko haur eta gazteen euskal dantza irakasle gisa (Argazkia: J.D.)

Dokumentuaren akzioak