Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantza terapia bat da”

Dokumentuaren akzioak

“Dantza terapia bat da”

Joseba Yerro altsasuarrarendako mugimendua eta dantza barruan daukan zerbait da. Hamaika urterekin hasi zen balleta egiten Iruñeko Dantza Eskola batean. Dantza Garaikideko goi mailako ikasketak egin ondoren, Europan zehar hainbat konpainiatan dantzari izan da. Orain, Goteborgeko Operako Dantza Konpainian dantzaria da. Gizakiak mugitzeko eta dantzatzeko ahalmena duela dio.
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Sakana
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/02/16
Lotura
Guaixe

Nola hasi zinen dantzan?
Lehenengo urratsak Altsasuko Dantza Eskolan egin nituen. Zazpi urterekin hasi nintzen euskal dantza egiten. Ballet klasikoa ere egin nuen, baina oso gutxi. Uste dut hiru urtez aritu nintzela Altsasuko Dantza Eskolan eta gero utzi nuen. Beste zaletasun batzuk nituen buruan. Hamaika urte nituenean Iruñeko Dantza Eskola batera joan nintzen, eta bertan balleta ikasi nuen.

Zergatik dantza?
Gogoratzen dut txikia nintzenean asko mugitzen nintzela. Dantzatzea asko gustatzen zitzaidan. Etxean betidanik musika oso presente izan dugu. Gurasoek, goizero, musika jartzen zuten eta musika oso garrantzitsua izan da. Beraz, etxean asko dantzatzen nuen, eta egun batean Irantzu Gonzalez Azpirozek esan zidan Iruñera joan behar zela dantza eskolak ikustera eta ideia hori sartu zitzaidan buruan. Pentsatu nuen nik ere nahi nuela hori egin. Gurasoei esan nien eta gurasoek ez zuten inolako arazorik jarri. Zuzenean Almudena Lobon dantza eskolara joan nintzen amarekin informazioa hartzera. Joan nintzenean nire ideia zen jazz dantza egitea eta Almudenari esan nion. Berak esan zidan ea zergatik ez nuen balleta egiten. Eta balletean apuntatu nintzen. Azkenean ez nuen jazzik egin eta balletarekin buru-belarri jarri nintzen.



Umea zinela hasi zinen, mutila izateagatik arazoak izan zenituen?
Arazoak izan ditut, ez dakit horregatik izan daitekeen edo ez. Orain normalagoa da, baina ni ume nintzenean ez zen normala mutil bat, herri txiki batean, dantzara joatea. Eta batzuetan bai. Nire amak beti kontatzen dit egun batean nire amonak Altsasuko eskolara entsegura eraman ninduela eta emakume batek, ama batek, esan ziola bere mutilak dantza egiten zuela, eta ez omen zen arraroa. Beraz, bai, arazoak izan ditut, edozeinek bezala arazoak izan ditut nire bizitzan. Nik oso garbi neukan zein zen nire bidea, banekien zer egin behar nuen eta zer ari nintzen egiten. Oso instintiboa izan naiz beti. Orduan, ez dut esan nahi komentario horiek berdin zitzaizkidala, baina nire bidea jarraitu nahi izan nuen, eta horrela izan da. Jendeak bere prozesua izango du konturatzeko eta pentsatzeko. Beraien kontua da, ez nirea. 

Orain nola bizi duzu?
Orain gauza normalagoa da. Uste dut kontzientzia handiagoa dagoela, baina lan gehiago egin behar da. Azken finean nik pentsatzen dut denak gizakiak garela, eta gizakiok mugitzeko sena dugula. Berdin dio mutila, neska, emakumea, gizonezkoa... Generoak berdin dio. Denok erritmoa jarraitzeko ahalmena dugu, zerbait naturala da, inkontzientean dago. 

Gizartea da mugak jartzen dituena.
Eta hezkuntza. Esan bezala gauza normalagoa da eta dantza eskoletan mutil gehiago ikusten dira. Ni hasi nintzenean eskolan 200 bat dantzari zeuden eta zortzi mutil ginen. Orain uste dut gehiago daudela. 

Almudena Lobon dantza eskolan hasi zinen. Hor jakin zenuen dantzaria izan nahi zenuela?
Bai. Baina ez zen izan egun batetik bestera. Ni lasai hasi nintzen. Astero egun batean joaten nintzen Iruñera. Balleta egiten nuen eta hurrengo astera arte ez nintzen joaten. Gero ikusi nuen Almudenak egun gehiago eskatzen zizkidala, orduan nik bere plana jarraitu nuen. Eta iritsi zen momentu bat, 16 urte edo izango nituen, oraindik Altsasun bizi nintzen, gero Iruñera joan nintzelako, gauzak argiago nituena. Ikusten nuen asko disfrutatzen nuela eta diziplinak plazera ematen zidala. Azkenean bide hori jarraitu nuen. Baina ez zen inoiz planeatuta izan: ez nuen esan dantzaria izan nahi dut eta horregatik dantza eskola batera joan nahi dut. Normalean nire buruan gauzak antolatzen ditut eta nire gorputzak bide bat jarraitzen du. 

Goi mailako dantza ikasketak egin zenituen?
Almudena Lobon dantza eskolan dantza klasikoa ikasi nuen. Hamaika urte nituenean hasi nintzen eta hemezortzi urte nituenean batxilergoa eta selektibitatea egin ondoren Bartzelonara joan nintzen Institut del Teatre kontserbatoriora. Bertara joan nintzen dantza garaikidea ikasi nahi nuelako. Estatu espainiarrean ez dago dantza gradurik edo unibertsitate ikasketarik. Beraz, dantza ikasteko leku hoberena kontserbatorioa da. Unibertsitateak bezalakoak dira.

Zergatik aukeratu zenuen dantza garaikidea?
Dantza klasikoa ikasten ari nintzenean ikusten nuen gustatzen zitzaidala, baina ez nuen nahi horretan gelditu. Dantza klasikoa egiteko oso gorputz jakin bat izan behar duzu eta nik hasieratik ez neukan gorputz hori. Ez zitzaidan asko gustatzen profesionalki ibiltzeko. Nik ikusten nuen naturalki mugitzea gustatzen zitzaidala. Behin Iruñean inprobisazioa erabili genuen eta oso normala zela ikusi nuen. Dantza garaikidean inprobisazio asko egiten ditugu eta oso bide interesgarria zela iruditu zitzaidan. Ez dizkiolako gorputzari mugak jartzen. Dantza klasikoak gorputza mugatzen du oso mugimendu jakinak direlako: lehenengo posizioa, bigarrena... eta hortik aurrera ezin zara atera. Urrats batetik bestera joan behar zara. Dantza garaikidean, aldiz, grabitatearekin lan egiten duzu, sentimenduekin, gorputz sentsazioekin... askoz presenteagoa eta osasuntsuagoa da. Buruarendako ere askeagoa da. Askeagoa sentitzen zara. Beraz, ideia hori sartu zitzaidan eta Madrilgo kontserbatorioan audizioa egin nuen eta hartu ninduten, baina azkenean Bartzelonara joan nintzen hangoa hobea iruditzen zitzaidalako.

Dantza garaikideko goi ikasketak egin zenituen. Estilo horretan gelditu zinen?
Bai. Dantza garaikidearen barruan estilo asko daude, baina esan dezakegu dantza garaikidean geratu nintzela.

Non aritu zara?
Bartzelonatik Herbehereetara joan nintzen, Maastrichtera. Lau hilabeteko proiektu bat egitera joan nintzen. Bertatik Goteborgera joan nintzen, Suediara, beste proiektu bat egitera, baina ez orain nagoen lekura. Ondoren Cardiff-era joan nintzen Galeseko dantza konpainia nazionalean urte eta erdi baterako. Handik Goteborgeko Operara joan nintzen.

Eta han jarraitzen duzu.
Eta han jarraitzen dut. Goteborgen bi urte daramatzat. Gotenborgeko Operan lan egiten dugu, baina ez ditugu Operak egiten. Izena Göteborgs Operans Danskompani da eta itzulpena Goteborgeko Operako Dantza Konpainia da, beraz, dantza garaikideko ekoizpen edo proiektuak egiten ditugu. Normalean hiru programa egiten ditugu denboraldi batean, eta proiektu bakoitzak hamar edo hamabost emanaldi izaten ditu. Proiektu bat egiten dugu, estreinaldia egiten dugu, hamabost emanaldi eskaintzen ditugu eta hurrengo ikuskizunarekin hasten gara. Proiektu bakoitzean koreografo bat dago. Kanpoko koreografoak izan ohi dira eta Operara etortzen dira gurekin lan egiteko. Horrela prozesu bakoitza desberdina da. Bakarra bihurtzen da.

Arrakasta duzue?
Dantza garaikidea ez da horren arrakastatsua dantza klasikoarekin alderatzen badugu. Dantza klasikoan Beltxargen aintzira edo Loti Ederra eta horrelako ikuskizun garrantzitsuak eta ospetsuak daude. Baina dantza garaikidean sorkuntza berriak dira eta jendeak ezagutzen ez duen zerbait da. Zailagoa da jendea antzeztokietara erakartzeko. Hala ere, esan beharra daukat aurten arrakastatsua izan dela.

Zer da zuretako dantza?
Terapia bat da. Bizitzako oso zutabe garrantzitsua izan da nire lagun eta gurasoekin batera. Nire munduan dantza betidanik izan da, momentu txarrenetan terapia izan da. Gauzak prozesatzeko eta gauzak beste modu batera ikusteko ezinbestekoa. Dantzari esker gauzak beste modu batean ikusten ditut. Jakin dut ez dagoela modu zehatzik gauzak ikusteko, modu asko daudela. Pertsonekin erlazionatzeko modua ere... Dantza oso garrantzitsua da zabaldu ere egin nauelako. 

Dantzak ere diziplina eta sakrifizioa eskatzen du, ezta?
Betidanik diziplina handia izan dut. Ume nintzenetik. Niretako arazo handiena sakrifizioak edo utzi dudana izan da. Lagun asko utzi ditut, ezagututako jende asko atzean uzten duzu. Bizimodu asko ezagutu ditut, baina agur asko ere esaten ditut. Batzuetan gogorra izan da. Etxerik ez edukitzeko pentsamenduak ere izan ditut. Inolako egonkortasunik ez izatea gogorra izan da. Ez da erraza izan. Baina bakoitzak prozesu desberdinak jarraitzen ditu, eta egiten dudanarekin pozik nago. Orain 27 urte ditut eta gauza hauek egin ditzaket, ikusiko dugu hogei urte barru.

 “Dantza terapia bat da”

Joseba Yerro Izagirre Dantzaria

Dokumentuaren akzioak