Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantza euren pasioa da eta lehiaketetan ikuspegi hori zabaldu egiten dute beste eskola batzuetako ikasleak ikusita”

Dokumentuaren akzioak

“Dantza euren pasioa da eta lehiaketetan ikuspegi hori zabaldu egiten dute beste eskola batzuetako ikasleak ikusita”

Egilea
Jone Guenetxea
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Durango
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/03/15
Lotura
Goiena

Durangoko L'Atelier dantza eskolako guraso talde batek Koreo dantza elkartea sortu du. Lehiaketetan dabiltzan gazteen bidaietako gastuak arintzea da helburua. Asteburu honetan bertan, Burgosen eta Asturiasen lehiatuko dira. Hurrengo erronka Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko Landako Gunean egingo duten jaialdia izango da. Oiane Azkonizaga L'Atelier eskolako arduraduna, Uma Bracaglia ikaslea eta Haizea Corpa Koreo elkarteko kidea elkarrizketatu ditu ANBOTOk.

Zelan sortu da elkartea?
Haizea Corpa: Elkartea iaz sortu genuen, maiatz inguruan. Apurka-apurka, bazkidetza bultzatu genuen lehenengo, batez ere lehiaketetara doazen ikasleen artean. Egia esan, bazkidetzea progresiboa izan da. Orain, hainbat ekintza ipini dugu martxan dirua biltzeko.

Zein da elkartearen helburua?
Oiane Azkonizaga: Kanpoko lehiaketetara bidaiatzeak gastuak dakartza, eta gastu horiek familiei eragiten zien gehienbat. Familia horiei ahalegin horretan laguntzea da helburua. 

Zenbat bazkide ditu elkarteak?
H.C.: Gaur egun 90 bat bazkide gara. Baina bazkide gehiago egiten gabiltza.

Zer antolatzen zabiltzate elkartean?
H.C: Beste kirol batzuetan, futbola, saskibaloia, eskubaloia zein beste kirol bat izan, laguntzak dituzte arlo publiko zein pribatutik, edo antolatuta dauden klubek ere lagundu egiten diete. Ikusten genuen dantza arloan ez zegoela horrelako babesik. Ildo horretatik, poltsak sortu ditugu, eta baita beste material batzuk ere. Orain errifak saltzen hasi gara. Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, zenbait babesle aurkitu dugu, eta eurek emandako sariak zozkatuko ditugu. Egun horretan bertan, Landako Gunean egingo dugun jaialdian taberna ipiniko dugu eta materiala salduko dugu. Eta beste ideia batzuk ere baditugu.

Dantzaren Nazioarteko Eguna aipatu duzue. Durangon ekitaldi erraldoia prestatzen duzue.
E.P.: Geroago eta leku gehiagotan ospatzen den eguna da. Guk orain 16 urte ekin genion Durangon, eta ekimena hazten joan da. Orain urte bi diru bilketarako espazioak sortzen hasi ginen, ikasleei laguntzeko.

Iaz taberna ipini zenuten.
H.C: Bai, eta aurreko urtean ere bai. Taberna ipintzen dugun hirugarren aldia izango da. Iaz ogitartekoak eta mahaiak ere ipini genituen, eta aurten ostalariekin berba egin dugu pintxoak, tortillak eta horrelakoak salgai ipintzeko. Denerik izango dugu egun osoan zehar.

Zenbat lagunek parte hartzen dute ekimen honetan?
O.A.: Txikitxoenetatik hasita, 3 urtetxogaz hasten dira. Oso polita da adin guztietako dantzariak elkarren ondoan ikustea. Urte osoko momentu bakarra da zentroko ikasle guztiak batzeko eta elkar ikusteko. 3 urteko ume bat eta 65 urteko emakume bat ikusi ditzakezu dantzan. Horixe da helburua, dantza kalera ateratzea, dantza mundu guztiarentzat delako.

Lehiaketetan parte hartzeak zein ekarpen egiten dio dantzari baten ikasketa prozesuari?
O.A.: Balleteko, dantza garaikideko eta dantza urbanoko lehiaketetan parte hartzen dugu. Bizipen handia da eskuratzen dutena. Euren pasioa lantzen dute, dantza, eta horren barruan euren ikuspegia zabaltzen dute lehiaketetan beste eskola batzuetako dantzariak ikusita. Lan egiteko beste modu batzuk ezagutzen dituzte, beti ere dantzari lotuta. Euren artean batasun handia sortzen da bidaia egiterakoan, egun asko pasatzen dituztelako elkarregaz. Elkarbizitzak asko batzen ditu, eta balio asko lantzen dituzte.

Asteburuan kanpora zoazte.
O.A.: Dantza garaikidekoak Burgosera doaz, eta handik Asturiasera doaz, dantza klasikokoak Asturiasen izango garelako domekan. Hurrengo asteburuan, dantza garaikidekoak World Dance Cup-era joango dira, Zaragozara. Hortik aurrera, ia astebururo bidaiatuko dugu; Madrilera, Avilara, Kanaria Handira...

Beste bidaia batzuk urrunago ere egin dituzue.
O.A: Vive tu Sueño txapelketan, esate baterako, Roman eta Parisen izan gara, eta aurten Kanaria Handira joango gara.

Lehiaketetan parte hartzen duzue. Zelako esperientzia izaten da?
Uma Bracaglia: Niretzat lehiaketak dantza mundua ezagutzeko beste modu bat dira. Gauza bat da etxeko eszenatokietan dantza egitea, zure taldekideen gurasoen aurrean, eta beste bat da kanpora joatea leku berriak ezagutzera eta beste pertsona batzuek beste ikuspuntu batzuekin zu dantzan ikustea.

Zein lehiaketa gogoratzen duzu bereziki?
U.B.: Iaz Global Dance Openera joan ginen, Avilara, eta aurrekoak baino gatxagoa izan zen, beste leku askotako dantzariak etorri zirelako. Kanadako talde handi bat joan zen, oso maila handikoa. Oso polita izan zen.

Dokumentuaren akzioak