Dokumentuaren akzioak
“Aukeratutako familia sortzeko espazio bat da 'vogue'-a”
Dantza bat baino gehiago da vogue-a?
Vogue hitza vogue fem-etik dator, eta ballroom komunitatean dagoen kategoria bati erreferentzia egiten dio. Vogue aldizkarian agertzen ziren irudiak eta marrak imitatzetik sortu zen. 70eko hamarkadako trans identitatetatik dator, orduan trans pertsona gutxik egiten zituztenez kirurgiak, mugimendu zehatz batzuk erabiltzen zituzten disforia eragiten zieten gorputz atalak estaltzeko.
Ahalduntzeko espazio bat ere bada?
Vogue-a ahalduntzean datza, eta horretarako gogorra izan behar zara. Poliki-poliki gauzak lantzen joan gara, adibidez, diven antzera bozgorailu handi batekin kalera atera gara jendearen erreakzioekin zer egiten dugun ikusteko. Oso zaila da une oro ahaldunduta egotea, baina jantzi ahal izatea nahi duzun bezala, zu zeu izatea inongo espektatibarik eta presiorik gabe, eta besteen begiradei arretarik jarri gabe, ikaragarria da. Horrez gain, ikasteko, elkarrekin ideiak, arropa eta gauza intimoenak partekatzeko eta aukeratutako familia sortzeko espazio bat da vogue-a.
Kiki house of Anunnaki etxeko ama zara. Nolakoa izan behar da ama bat?
Errespetuan eta konfiantzan oinarritutako harreman bat da. Amak entzun eta aholkuak eman behar ditu eta erreferente bat izan behar da. Oso gauza gogorrak bizi izan ditugu elkarrekin eta familian izan dituzten egoerei aurre egiten lagundu diet. Nahiz eta bakoitzak bere bizipenak izan, ulertu dezaket zer sentitzen duten, eta bidean lagundu diezaieket nik ere hori bizi izan dudalako. Hala ere, beldurra ere izan dut, zalantzan jarri dudalako erreferente ona izaten ari nintzen edo ez; ateratzen nintzelako, edaten nuelako eta beste gauza batzuengatik, baina uste dut ama ona izan naizela seme-alabek esan didatenagatik eta ondoan egon naizelako.
"Vogue hitza 70eko hamarkadako trans identitatetatik dator, orduan trans pertsona gutxik egiten zituztenez kirurgiak, mugimendu zehatz batzuk erabiltzen zituzten disforia eragiten zieten gorputz atalak estaltzeko".
Nola izan zenuen vogue-aren berri?
Maristarren eskolan ikasten nuenez eta Opuseko giro katolikoa zegoenez, ihes egiteko modua kultur etxean dantzatzea zen. Bertan, Julio ezagutu nuen, marika dominikar bat, eta funkya dantzatzen hasi ginen. Orduak pasatzen genituen Youtouben bideoak ikusten. Behin, edertasun kanonak apurtzearen inguruko bideo bat ikusi genuen, Crystal LaBeijarena zen bideoa. Horri esker, jakin genuen takoiak dituzten maritxuak daudela eta vogue-a dantzatzen dela. Geure kabuz praktikatzen genuen, ahal genuen guztietan dantzatzeko.
Bideo horiei esker ezagutu zenuen Lasseindra Ninja, House of Ninja etxeko ama?
Ikusi nuen komunitate handia zegoela. Izaera handiko dantza denez, argi ikusten da bakoitza nolakoa den, eta Lasseindraren bideoak ikusi nituenean, iruditu zitzaidan indartsua, basatia, agresiboa eta dramatikoa zela. Gerora jakin nuen hori vogue fem dramatikoa zela. Asko gustatzen zitzaidanez, berak bezala dantzatu eta sentitu nahi nuen.
Bera miresten zenuelako erabaki zenuen Parisera joatea?
Urte pila bat ibili nintzen modarekin zerikusia zeukaten gauzak ikasten; hala nola kosmetika eta makillajea. Ostean, okupatutako espazioetan militatzen hasi nintzen, eta ikusi nuen zortzi orduz lan egin gabe dirua lortzeko moduak daudela. El Burca performancea egiten hasi nintzen. Erlijio monoteisten inguruko performancea zen, beti ibili naiz bi erlijioren eta kulturen artean. Performancearen amaieran vogue-a egiten nuen, baina iruditzen zitzaidan ongi egiteko lehenengo komunitatea ezagutu, eta komunitateko kideekin ikasi behar nuela.
Nolakoak ziren klaseak?
Hilabete bateko ikastaroa zen, eta gauez egiten genuen. Lehenengo kontaktua ikaragarria izan zen, biribil bat egin genuen eta elkarren artean ezagutzeko galderak egin zizkiguten. Harrituta geratu zen Iruñetik joana nintzelako, ez nekielako frantsesik eta ingelesez ez nuelako erraztasunez egiten. Esan zidan horrek erakusten zuela ikasteko konpromiso handia nuela. Zorionez, pertsona arabiar bat zegoen gaztelania zekiena eta asko lagundu zidan. Ikasi genuenak on egiten zidanez eta oso familiarra iruditu zitzaidanez, urte osoko ikastaroa egitea erabaki nuen.
Zergatik erabaki zenuen itzultzean etxea sortzea?
E28J-ko plataformak antolatutako topaketa batzuetan, Asier Rikarte, nire lehenetariko haurra, eskuekin mugimendu batzuk egiten ari zen, eta iruditu zitzaidan vogue dantzatzen ari zela. Harengana hurbildu, eta esan nion elkartzen ahal ginela Parisen ikasitakoa erakusteko. Enpatia handia sentitu genuen eta oso erraza izan zen. Kalean ibiltzen ginen, eta geroz eta jende gehiago hasi zenez hurbiltzen, pentsatu nuen militantziarekin uztartzeko bide bat izan zitekeela eta erreferente bihurtzen ahal nintzela. Ongi atera zenez eta interesa zegoenez, etxe bat sortzea erabaki nuen.
Ordutik, doako ikuskizun asko egin dituzue; hautu politiko bat da?
Erabaki dugu espazioa mistoa izatea, jendeak ezagutu ahal izateko. Sentitzen dugu oraindik ghetto bat garela eta ikusgaitasun gutxi dugula. Hiri handi batean egingo bagenu, aniztasun handiagoa dagoenez errazagoa izanen zen kobratzea, baina Iruñean militantzia kutsua galduko luke eta familia hetero asko eta kanpotar asko ez lirateke etorriko.
Militante sutsua
“Pertsona arrazializatua eta etorkina naiz, Marokon jaio nintzen eta 11 edo 12 urterekin Iruñera etorri nintzen bizitzera. Euskal Herriko mugimendu politikoko kidea, anarkista eta LGTB komunitateko militantea naiz. Zenbait proiektu ditut esku artean; horien artean, vogue-a, eta eguneroko bizitzako militantzian ikasitakoa vogue komunitatera eramaten saiatzen ari naiz. Kiki house of Anunnaki etxeko ama naiz eta ama bezala zaintzailea, entzule ona, enpatikoa eta kritikoa naiz eta eguneroko gauzei garrantzia ematen diet”.
Dokumentuaren akzioak