Janire Etxabe sortzaileak Atxine dantza-performancea egingo du Azkuna Zentroan, gaur eta bihar (hilak 14 eta 15) 20:00etan hasita.
Janire Etxabe dantza bertikaleko formatuetan aritua da eta makina bat ikusgarri atondu ditu Euskal Herriko leku enblematiko batzuetan. Hormak, bertikaltasuna eta dantza uztartzeko adorea izan du beti, eta modu artistiko-poetikoan hibridatu ditu aireko diziplina horiek.
Orain, espazio zabaletik Azkuan Zentroko eszenatokira egingo du salto Atxine performancea burutzeko.
Ikusgarriaren musika Paula Olaz konpositoreak sortu du, eta instrumentu tradiziozkoek ere garrantzia hartzen dute, eta hala, ttun-ttuna edo xirularen soinu ederrak entzun egingo dira, beste aire modernoagoekin nahasturik.
Egileak berak azaldu duenez, piezak “emakume batek bere bizitzan zehar duen karga emozional eta kulturalari erreparatu egingo dio. Bertan jaioko da, bertan babestuko da, eta ahotsa, odola, eta izerdia isuriko ditu”. Azkenik, emakumeen arteko belaunaldien transmisioaren garrantzia azpimarratu nahi du sortzaileak.
Sormen prozesuan, Garazi Etxaburu eta Magali Lanriot adituak izan dira Janireren ondoan, zeina Txitatoki Zirko, Garaion, La Nave eta Sarobe Urnietan egonaldi artistikoetan parte hartu duen. Ikusgarrirako jantziak Ikerne Gimenezek diseinatu eta Inma Gonzalezek josi ditu.