Loraldiak badu Sormen Digitala Bekaren hirugarren edizioaren irabazlea: AppaMaurizia, #Mauriziakezdauinorhil kolektibotik (Lorea Argarate Zubia eta Ines Osinaga) sortutako errealitate birtualeko proiektua. Loraldia Sormen Digitala Bekak euskarazko eduki digitalak sustatzea eta sortzaileen lana ezagutzera ematea du helburu.
Beka irabazi duen proposamen horretan teknologia berritzailea eta euskal folklorearen ondare kulturala uztartzen dira. Taldeak 10.000 euroko finantzazioa jasoko du proiektua garatzeko, eta gero, 2026ko Loraldia festibalean aurkeztuko da Bilbon.
Hirugarren edizio honetan kalitate handiko 23 proposamen jaso dira, formatu askotakoak, podcastetatik eta dokumentaletatik hasi eta errealitate birtualeko eta plataforma interaktiboetako proposamenetara. “Parte-hartzaileek euskal kulturaren inguruko diziplina digital eta ikuspegi sortzaile anitzak esploratu dituzte, formatu eta ikuspegi aberatsa erakutsiz”.
Aukeratu den AppaMaurizia esperientzia birtualak “erabiltzaileak euskal kulturaren eremuetara eramango ditu, musika, dantza eta kontakizunak barne hartuz. Helburu nagusiak dira euskal kultura ondarea zabaltzea eta belaunaldi berriei transmititzea, eta horretarako, musikari, dantzari eta kultura adituekin elkarlanean arituko da”.