Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Paxatxo’

Dokumentuaren akzioak

‘Paxatxo’

Egilea
Mikel Sarriegi
Komunikabidea
Goiberri
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2023/03/03
Lotura
Goiberri

Patxi Xabier Txomin zena, Paxatxo izeneko dantza-maisua, orain hilabete batzuk estreinatu genuen dokumentalaren protagonista da. Protagonista eta aitzakia Azken Dantza Maisua izendatu genuen lana osatzeko, eta ondoren Euskal Herri osoan ezagutarazteko. Dokumentala gaur bertan ikusi ahal izango duzue Lazkaoko Areria antzokian (20:15), –eta maiatzaren 4an Ordizian– berriz ere Goierriko zinemetara itzulita. Izan ere, beste bi plaza oso esanguratsu bisitatu ditu berriki: joan den udazkeneko Durangoko Azoka eta inauteri-sasoiko Iruñeko Zaldiko-Maldikoren ekitaldia. Apirilean eramango dugu Baigorrira.

Durangon ikusi ahal izan genuen dokumentalak dantza munduko jendearengan zenbateko identifikazio maila eskuratu zuen, Beasaingoaren moduko oso tokiko arazoak, herri orotako arazo baitira, halaber: dantzaren prekarizazioa, genero kontuak, transmisioaren zailtasunak, kirolaren eta kulturaren arteko tirabirak, herri eraikuntza… gertutik harrapatzen gaitu kulturgintzaren gabezien, nekeen eta bozkarioen artean gabiltzanon guztion egunerokotasunean.

Iruñeko emanaldian, aldiz, dokumentalaren edukiak are unibertsalago bihurtzen dituen beste alderdi bat ezagutu ahal izan genuen: dantza mundutik kanpoko herritarrentzat ere zenbaterainoko interesgarria den gure herrien zokoetan gorde diren hainbat tradizioren balioaren berri izatea: orain mende batzuetako zenbait altxor immaterial Europa guztian galdu arren, hemen nola gorde ditugun, alegia. Iruñean berehalakoa izan zen erreakzioa: «Horrelakorik izan denik ere!», «dantza-taldeko gazteei erakustera etorri behar duzue berriz ere; ezagupen horiek oso garrantzitsuak dira haientzat!». Gaur egungo dantza talde askoren noraezaren aurkako pilula txiki bat. Hainbaten uste okerrean txikikeriak direnak unibertsalizatzeko bidean jarri eta daukaten balioa eman, azken batean.

Dokumentuaren akzioak