Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Ordiziako Santanazaleak’ liburua aurkeztu dute, Joseba Juarez gogoan

Dokumentuaren akzioak

‘Ordiziako Santanazaleak’ liburua aurkeztu dute, Joseba Juarez gogoan

Bost mende baino gehiago dituen tradizioa da Ordiziako Santanazaleena. Eskudantza berezia egiten dute urtero ezkonberriek, Santanazaleen kofradiako kide egin aurretik. Dantza horren tradizioari urte hauetan guztietan eutsi bazaio, hein handi batean dantza-maisuei esker izan da. Eta Santanazaleen historia jasotzen duen liburuan, bereziki gogoan izan dute hamabost urtez Santanazaleen dantza-maisu izan zen Joseba Juarez. Izan ere, herriko seme izateaz gain, Ordiziako eta Goierriko dantza arloan lan handia eta aktiboa egin zuen Juarezek. Eta hala oroitu nahi izan dute gaurko ekitaldian ere.
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2015/07/23
Lotura
Goierriko Hitza

Duela hogei urte ezagutu zuen Juarez Mikel Sarriegi dantzari beasaindarrak. Eta liburuxka hau egiteko haren inguruko testu bat egiteko eskatu ziotenean, “plazer handi bat” izan zela azaldu du. Izan ere, Joseba ezagutu zutenentzat “erraza eta xamurra egiten da hitz onak idaztea”. Beti ahoan zuen irribarrearekin eta “eredu moduan” gogoratzen du Sarriegik. “Hain gazte izanda, galera handia da, dantza-maisu handi bat izatera deituta zegoelako”. Hala, bere “dantzarako pasioa” Ordizian eta Beasainen ez ezik, Goierri osoan ere faltan botako dutela azaldu zuen.

Juarezek lotura estua izan zuen Amets Bide dantza taldearekin ere. Eta haren izenean, Izaro Intxaustik hartu du hitza gaurko ekitaldian. Joseba beti gogoan izango dutela, eta hari buruz hitz egiterakoan “hitzak motz” gelditzen direla azaldu du. Iaz, Amets Bide taldearen 50. urtemuga beraiekin batera “gozatu eta ospatu” zuela gogorarazi du, eta iaz garai honetan, udaletxeko balkoitik festen haserako suziria bota zuela. “Liburuxka honekin ikusten da Josebaren lana herrian gelditzen dela, eta guri dagokigu haren lanari jarraipena ematea”. Hala, Juarezek Santanazaleen dantza-maisu bezala utzitako tokia, bere bi ikaslek, Izaro eta Jon Intxausti anai-arrebek hartuko dutela jakinarazi zuen.

Sarriegiren eta Intxaustiren testuez gain, Patxi Garmendiak Santanazaleen tradizioaren inguruan bildutako testua ere jasotzen du liburuxkan, egungo argazki eta irudi historiko sorta batekin lagunduta. Liburuxka udaletxean bertan eskuratu daiteke; baita udalaren webgunean ere.

Astelehenean omenaldia
Urteroko tradizioari jarraituz, astelehenean egingo dute Santanazaleen eskudantza Ordizian. Jose Migel Santamaria alkateak, “Ordizia tradizioak zaintzen dituen herria” dela gogorarazi du, eta “Santanazaleen tradizioa ere zaindu” egin nahi dutela. Hala, 2009. urtean bosgarren mendeurrena ospatu zutenetik, argitalpen bereziren bat egiteko ideia bazela azaldu du, eta orain une egokia ikusi dutela. Asteleheneko ekitaldia 12:00etan hasita egingo dute, Plaza Nagusian. Aurretik, udaletxean, Joseba Juarezi omenaldia egingo diote.

http://goierri.hitza.eus/files/2015/07/Sin-ti%CC%81tulo.jpg

Liburuaren azala

http://goierri.hitza.eus/files/2015/07/IMG_7753-2.jpg

Izaro Intxausti, Jose Miguel Santamaria eta Mikel Sarriegi, liburuaren aurkezpenean.

Dokumentuaren akzioak