Dokumentuaren akzioak
‘Kameleoia’ ikuskizuna estreinatuko du Dantzazek larunbatean
Dantzaz konpainia dantzari gazteek osatzen dute. Azken batean, konpainia profesional batera iritsi aurreko esperientzia bizitzeko aukera ematen die. Maiz izaten dute beste herrialde batzuetako koreografoen laguntza euren ikuskizunak prestatzeko, eta oraingoan, Itzik Galili eta Jacek Przybylowicz koreografoen eskutik jaso dute bultzada dantzariek. “Historia polita da gaur aurkezten ari garena, laguntasun baten historia”, azaldu du Fernando Saenz de Ugarte Dantzazeko zuzendariak. Zehazki, duela urtebete konpainia Polonian egon zen, eta orduan abiatu zen Kameleoia sortzearen ideia. “Proiektu tinkoa da eta pozarren hartu dugu. Bidean lagun asko topatu ditugu eta prozesuan sartu ditugu”, gehitu du Saenz de Ugartek. Azken batean, hainbat dantza zatiren batura da Kameleoia.
Przybylowicz koreografoaren hitzetan, Dantzaz aukera ezinhobea da euskaldunen identitatea Europan barrena zabaltzeko. “Euskal kultura ordezkatzeko eta Euskal Herria nazio moduan aurkezteko konpainia egokia da Dantzaz. Gazteek indar handia dute”, aipatu du Przybylowiczek. Galilik ere konpainiaren garrantzia azpimarratu du, eta Kameleoia ikuskizun “bakarra, lirikoa eta polita” dela esan du.
Ikuskizunerako sarrerak salgai daude 12, 15 eta 18 eurotan.
Dokumentuaren akzioak